Aurten Otxandioko Gaztetxeak 10 urte betetzen ditu eta urteurrena ospatzeko gazteok makina bat ekintzez bete dugu aurtengo ikasturtea.
2001eko ekainaren 2an jaio zen Otxandioko Gaztetxea, ordura arte Alhondiga zein kartzela zaharra izan ziren eraikinean. Orduko gazteriak borrokatutakoaren fruitu da gaur indartsu eta bizirik dagoen gazteria, Gaztetxea izanik erakusle nabarmenetariko bat. Hamar urte hauetan, Gaztetxea herriko gune aktibo dela erakutsi dugu; gazteri bizi, dinamiko eta antolatuaren garrantzia agerian utziz eta berretsiz. Beraz, herriarentzat, eta batez ere gazteontzat, urte aberasgarriak izateagatik, ibilbidean egindako lana errekonozitzeko helburuarekin, egundoko ospakizuna antolatu dugu datorren Ekainaren 4erako.
Martxoan egindako aurkezpenean azaldu genuen bezala, Gaztetxeak 10 urte betetzen dituen honetan, gazte asanbladak, gazte guztion elkarlana sustatuko duen prozesua jarri du martxan Otxandion. Prozesu honen ekarpen nagusitzat dugu, urteurrena antolatzeaz eta aurrera eramateaz arduratu den gazte talde motorea. Gogoz eta ilusioz beteriko gazte talde horrek jai herrikoi aparta antolatu du Ekainaren 4erako. Herri guztiaren gozamenerako diseinatutako jaia da honako hau, adin ezberdinetako pertsonei zuzendutako egitarau zabala izanik.
Ekainaren 4ak, Otxandioko herriak, gazteok hamar urte hauetan egindako lanaren atxikimendua irudikatuko du. Aldi berean, gazte asanbladaren eta gaztetxearen inguruan lanean aritu diren herritar guztiak goraipatzeko egun aproposa da honako hau. Asko baitira urte hauetan zehar gaztetxearen alde lan egin eta parte hartu duten otxandioarrak.
Urteurrenaren lemak dioen moduan, gazteria delako herria pizteko beharrezkoa den sua…….ERAIXONK HAUSPUAI!!!
ZORIONAK LAGUNAK!!
10 URTE ETA BESTE HORRENBESTE