lagenterula.wordpress.com
Gure iruzkina:
Azken urteotan bada ostalari talde bat hedabide guztien jomugan dagoena eta ARICH (Alde Zaharra Birgaitzeko Agentzia) zein Udalaren miresmen argia jaso duena, izan ere, Alde Zaharreko ostalaritza biziberritzeko apostu ausarta egin omen dute. Apostu hori, berriz, glamourra, modernitatea, eta eguneko zein kalitatezko ostalaritza sustatuko dituzten hamarnaka lokal irekitzean baino ez datza.
Hona hemen euren izenak: Mikel Martín Ibarrarán; Emilio San Juan Iturriaga, Pablo Grimaldi Mezquita; Rubén Freile Angulo y Eduardo Freile Angulo. Eta honako hauek dira negozio horietako batzuk: Longo; Cube; El 97; Cómeme; Barrón; La Malquerida; Kokodrilo; Tabanco; Lutreola; La Ferretería
Baina, ez al da gertatuko, askotan bezala, erakundeen eta hedabideen mezu ofizialak ez datozela bat errealitatearekin? Susmatzen dugunez, Alde Zaharraren alde modu ia altruista batean apostu ausarta egin omen duten enpresari adoretsu talde horren atzean ezkutatzen dena enpresa-gizon azkar koadrilla bat bano ez da. ARICH eta Udala Alde Zaharraren irudi glamuroso bat ezartze aldera ia edozer egiteko prest daudela baliatuta enpresari horiek negozio ederra egiten ari dira, izan ere, diru laguntza oparoak eta erakundeen debaldeko babes eta propaganda politikoa jasotzen dute… eta aldi berean, behin eta berriz muzin egiten ari zaizkie euren betebehar fiskalei eta lan arloko araudiari. Hain da larria arau urratze hori, ezen zenbaitetan zor oparoak pilatu batituzte hainbat erakunderekin, besteak beste, horrenbesteko babes eta dirulaguntza eman dizkien Udalarekin berarekin.
Hori horrela balitz, esan genezake, bere garaian Arroitarekin egin genuen bezala, hauek ere auzoko bizizaleak direla. Oraingoan, ordea, kontua larriagoa litzateke, izan ere, errua ez litzateke haiena, Udalarena baizik, udal erakundeak bultzatu eta babesten baititu. Gauzak horrela, argi geratuko litzateke zertaz ari diren udalekoak Alde Zaharra biziberritzeko komertzio eta kalitatezko ostalaritza aipatzen dutenan.
Hurrengo lerrootan kontu horiek guztiak aztertu eta sortutako galderei erantzuna ematen saiatuko gara. Alde Zaharreko auzokook eta auzoak aurrera egitearen alde egiten dugunok errealitatea ezagutu eta sortutako egoerarekin haserretu beharra dugu. Baina ezin dugu bere horretan utzi. Jakin behar dugu haserreak gogoetari ematen diola bidea, eta gogoetak ekintzari; izan ere, gure auzoaren etorkizuna kolokan dago: Alde Zaharra Bizirik!!