miércoles, 13 de abril de 2011

KORRIKAN EUSKARA ETA ALDARRIKAPENA!

Bihar korrika Gaseiztik igaroko da eta nola ez, ez dira faltako herritarren aldarrikapen mezuak. Hemen dituzue korrikaren bidean zehar emango diren ekintza batzuk:

GASTEIZKO AAM-EN OHARRA:
Korrika 17 abian da dagoeneko. Trebiñutik hasi eta Donostian amaituko den edizio honetan ere euskal herritar ugarik emango diote babesa AEKri euskararen ofizialtasuna aldarrikatzen duten bitartean. Baina badira bertan egon nahita ere ezin izango dutenak korrikan parte hartu. Ez fisikoki behintzat.
Ehundaka euskal herritar dira askatasunaren borrokan murgildurik etsaiaren atzaparretan erori eta gartzeleratuta dauzkatenak edo errepresioari ihesi etxetik alde egin behar izan dutenak klandestinitatera pasatuz. Baina fisikoki ez egon arren aurten ere euskal preso eta iheslari politikoak korrikan parte hartuko dute, euskalakari izango dira!!!


Amnistiaren aldeko mugimendutik korrikan euskal preso eta iheslarien batera parte hartzera eta haien hizkuntza eskubideak ere aldarrikatzera animatzen zaituztegu. EPPK-k euskaraz ikasteko eta komunikatzeko daukan eskubidea aldarrikatuko dugu askotan beraien hizkuntza eskubidea urratua aurkitzen bait dute.


Gasteizko amnistiaren aldeko mugimenduak, Apirilaren 14an osteguna, arratsaldeko 20:50etan Jimmy Jazz aretoaren paretik abiatuko dugun kilometroan parte hartzera animatzen zaituztegu.


EPPK ere euskalakari. Egizu korrika euskal preso eta iheslariekin batera!


GAZTE INDEPENDENTISTEN OHARRA:
Apirilaren 14an, Gasteiz euskalakari bat aldarrikatzeko aukera izango dugu, Korrika 17a gure herrira ailegatzen baita. Baina horrekin batera, ezin ahaztu aldarrikapenerako garaia dela Korrika, euskara gure territorio libre bakarra da-eta. Aldi berean, azken Korrikatik gauza ugari gertatu direla gogorarazi beharko genuke: Euskal Herria eskubide demokratiko guztiak oinarri izango dituen aro politiko berri batean murgildu den bitartean, espainiar estatuak  konfrontazioa eta errepresioa mantentzearen aldeko apustu garbia egin du.
Testuinguru horretan, eskubide urraketa itzelak jasan behar izan ditugu euskal herritarrok: atxiloketak, torturak, espetxea, dispertsioa,... Eta bereiziki latzak izan dira gazteoi eskaini zaizkigun "democracia a la españolaren onurak", gure eskubide guztiak odol putzu batean ito nahi izan baitituzte, azken hamarkadetako nazioarteko ofentsiba kapitalistarik handienean (guzti hau ez baita kasualitatea, ezta fenomeno isolatu bat ere): oinarrizko eskubide sozialen murrizketa basatitik hasita, horren aurka antolatzen den edonoren eskubide zibil eta politikoen aurkako erasoaldiraino, Euskal Herriko gazteok izan gara horren ondorio bortitzenak pairatu behar izan ditugunak.

Beraz, egoera honetan, Korrika 17an Gasteizko gazte euskalakari guztiak animatzen ditugu kalera ateratzera eta kamiseta gorria jantzita, gazte borrokaren aurkako jazarpenaren amaiera eta independentzia euskaraz exijitzeko. 20.51etan Ramiro Maeztu eta Beato Tomás de Zumarraga kaleen bidegurutzean euskal gehiengo sindikalaren eskutik jasoko dugu lekukoa, Jimmy Jazz aretoraino, bertan Amnistiaren Aldeko Mugimenduari emango diogularik, euskal preso politikoak omenduz.

GORA GAZTERI EUSKALAKARIA!
GORA EUSKAL HERRIA LIBRE, SOZIALISTA ETA EUSKALDUNA!