Leintz Gatzagatik sartuko da Korrika berriro Araban, 1650. kilometroan, arratsaldeko hiruretarako minutu batzuen faltan. Legution hainbat kilometro egingo dituzte euskalakariek: Garazi ikastolako gurasoek (1657), Santa Engrazia elkarteko jubilatuek (1659), AEK-ko taldeek (1661)… eta Arroiabera heldu baino zertxobait lehenago, Orlegi saskibaloi taldeak (1672).
Abetxukotik sartuko da Korrika 17 Gasteizera, seiak laurden gutxi aldera. Txagorritxuko langileak izango dira Arabako hiriburuan lekukoa hartuko duten lehenengo euskalakariak (1678) eta beranduxeago, suhiltzaileak (1680). Ondoren, Abetxukoko herritarrak (1682), Ibaiondo eta Lakuabizkarra ikastolak (1687), Gamarrako ostalaritza eskola (1688) eta Lurdes Auzmendi Hizkuntz Politikako sailburuordea eta Blanca Urgell kultura sailburua Eusko Jaurlaritzaren izenean (1691).
Zaramaga eta Aranbizkarratik jarraituko dute euskalalariek, eta Salburua auzoan Salburua bizirik auzo elkarteak hartuko du lekukoa (1697). Santa Luzian, Geu elkarteak eta mintzalagunek korrituko dute 1701. kilometroa eta zertxobait aurrerago, Forunier-eko langileak (1704). Judimenditik aurrera, Baskonia taldea (1705), Gasteizko txosnak (1710), Blusa mutil eta nesken elkartea (1711), euskal gehiengo sindikala (1714), UPV-EHU (1723), Olabide ikastola (1730), Arabako Euskal Pilota Elkartea (1733)… Korrika 17k Jundizen agurtuko du Gasteiz, gaueko hamar eta erdiak jota, Añana eskualderantz abiatzeko. Inguru horretan hasiko da ostirala euskalakarientzat, Olabarritik irteten.
Zuia aldean, Murgiako herriak hartuko du lekukoa Beluntzan (1773); Murgian, berriz, gau eskolak (1778). Eta Aiara aldean sartuta, Urduñan, bertako Udalak (1799); Amurrion, eskaut taldeak (1808) eta bertsolariak (1811); Arespalditzan, Menagaraiko emakumeak (1816) eta Builaka perkusio taldeak (1820)… Egunsentiarekin batera, berriro sartuko da Korrika Bizkaira.