Laudioko gazte independentistek gogor salatu dute Laudioko Ganekogorta eta Orozkoko Jesuri mendietan egin nahi duten parke eolikoaren proiektua. Adierazi dutenez, ama lurra suntsituz negozioa da eraiki nahi dutena. "Mendi gabe gelditu aurretik proiektua geratu behar dugu", nabarmendu dute. Izan ere, 126,5 metroko 8 aerosorgailu jarri nahi dituzte Aiaraldean. "Eoliko bakoitzaren zutoinak 80 metro izango ditu". Ingurumenean eta hegaztiengan sor ditzazkeen txikizioengatik kezkatuta agertu dira: "Landareak, animaliak eta natura txikitu eta patrikak betetzeko makina baino ez dira eolikoak. Parke eolikoak ez dira energia nuklearra edo termikoaren ordezkoak, negozioa dute interes".
Gazte independentisten arabera, badira lurra hondatu gabe energia sortzeko aukera "hobe" gehiago, eguzki plaken sistema kasu. Gaineratu dutenez, parke eolikoaren proiektuak inguruetan bizi diren herritarren lurrak desjabetzea ekarriko du, "kalte gehiago onurak baino". Hain zuzen ere, energia Laudiora hel dadin 1.397 metro linea lurperatu eta airetik 1.966 metro luzeera izango duen linea jarriko dute: "Egitasmoa aurrera eramateko 4.371 metro kable lurperatuko dituzte".
Horregatik, dei egin diote Laudio eta eskualdeko gazte orori Jesuri eta Ganekogortako parke eolikoen kontra altxatzera. Era berean, bat egin dute Zanpazu Bizirik taldeak larunbat honetarako Jesurira antolatu duen martxarekin.