sábado, 19 de marzo de 2011

OZTOPO GUZTIEN GAINETIK... EGIN GENUEN BEHAR GENUENA!

gazte-iraultza.info
MARTXOAK 12KO KRONIKA:
Martxoaren 12an GAZTEIRAULTZA.INFO gazte proiektu komunikatiboa aurkeztu genuen, eta oztopoak oztopo, jaialdiak aurrera egin zuen, giro ezinhobean. Goizeko 11.00etan, Arabako gazte mugimenduak azken urteotan herrialde honetako gazteriak jasan behar izan duen errepresio basatiaren aurka eta eskubide zibil eta politikoen alde, prentsaurreko masiboa burutu behar zuen; baina Ertzaintzaren 5 patruila bertaratu eta gazte bat identifikatu ostean, baimenik gabe prentsaurrekoa ilegala zela adierazi zuten (argi ta garbi zegoen, ordea, debeku horren arrazoia). Azkenik, agerpena Gaztetxean egitea erabaki zen, kalean adierazpen askatasuna oso osasuntsu ez zebilela ikusita. Prentsaurrekoaren bideoa ikusgai: http://www.youtube.com/watch?v=Jv_dluTs8Jw.


Prentsaurrekoaren ostean, epaitegien aurrean eskubide zibil eta politikoen aldeko mugimenduak 13.00etan kontzentrazioa deitu zuenez gero, bazkarira arteko atsedena hartu zen (batzuk, dena den, bazkaria eta arratsaldeko grabaketa buru belarri prestatzen ibili ziren). 15.00ak aldera herri bazkari frenetikoa egin eta 16.00etan lipdub-aren grabaketa hasi zen. Egia esanda, bertako inork ez zuen aurretik lipdub baten grabaketan parte hartu; hala ere, hasierako eromena gainditu eta grabaketa ederra (eta batez ere, alaitsua) lortu genuen. Dena den, lipdub-a pikutara bidali eta bideoklip bat (oso guapoa, ikusiko duzue muntatzen dugunean!) izan zen lortu genuena.
Bideoaren grabaketarekin giro ederra sortu zen Gasteizko Alde Zaharretik, pixkanaka jendea batuz, eta inolako arazorik gabe. Baina nola ez, gazte lipdub batean falta ezin diren gazte presoen argazkiak atera bezain pronto, sirenak piztu eta 2 minututan Ertzaintzaren patruilak agertu ziren (Gasteizko Gaztetxearen ondoan, grabaketaren azken planoak grabatzen ari zirenean), kaleak egun oso batez konkistatutako gazte boterea zapuztu nahian: 15 gazte identifikatuz, presoen argazkiak lapurtuz eta bertan zegoen jendea mehatxatuz (grabazioaren zerikusia ez zuen jendea barne, eta bortxaketa mehatxuak erabiliz).
Baina noski, euren helburua ez zuten lortu, eta hasierako etsipena gaindituz, gaueko 21.00etan grabazioaren azken zatia borobiltzeko kedada jarri zen, aurretik baino askoz jende gehiago hurbildu zelarik, 'EGIN EZAZU BEHAR DUZUNA!' esaten zuten oihuekin. Eguna amaitzeko, GAZTEIRAULTZA.INFOren ekitaldiarekin eta kontzertuekin amaitu genuen, gaueko ordu txikiak arte.
GAZTEIRAULTZA.INFOtik, alde batetik, Ertzaintzaren jarrera bortitza salatu nahi dugu, larunbatean argi geratu baitzen gure herrian adierazpen askatasunak duen balioa; eta bestetik, harrotasunez, larunbateko gazte iraultza honen kide eta bozgorailu izaten jarraituko dugula.
OZTOPO GUZTIEN GAINETIK... GAZTEAK GARA ETA HARRO GAUDE!
GORA KOMUNIKAZIOAREN GERRILA!