lunes, 31 de enero de 2011

Gazte independentistak babestu dituzte Gasteizen

askatu.org
Pasa den astean izandako epaiketa gogoan izan dute eta gazteria independentistaren aurkako erasoak gelditzeko eskatu dute.

Gasteiztik bidali diguten oharra:

Gaur arratsaldean, urtarrilak 29, gasteizen manifestazio bat burutu dugu gazteria independentistaren aurkako kriminalizazioa salatzeko. Aste honetan (ostegunean, urtarrilak 27) bi gazte gasteiztar auzitegi nazionalean epaitu dituzte fiskaltzaren 14 urteko espetxe zigor eskaera pean. Bi gazteen izena Adrian Donnay eta Ekaitz Samaniego da eta epaiketaren ondoren sententziaren zain aurkitzen dira fiskaltzak 14 urteko eskaera mantentzen duelarik. Bi gazteak ertzaintzak atxilotu zituen sute bat eragitea leporatuta eta fiskaltzak ekintza hau egiteaz gain Segiko kideak izatea ere leporatzea erabaki du, espetxe zigor burugabea igorriz.

Amnistiaren aldeko mugimendutik estatuak darabilen gazteria independentistaren aurkako kriminalizazioa, eta Gasteizen konkretuki gazte askoren aurka inposatutako medekuzko espetxe zigorrak salatu nahi ditugu.

Duela urtebete polizia españolak Oier Urrutia gasteiztarra atxilotu eta bere taberna miatu zuen. Bertan hiru petardo aurkitu zituzten eta honetaz baliatuz auzitegi nazionalera eraman zuten. Bertan gezurrez eta polizien espekulazioez betetako epaiketa batean segiko kide izatea eta piroteknia izateagatik 14 urteko espetxe zigorra inposatu zioten. Ez zeukaten inolako frogarik Segikoa zela baieztatzeko ezta ere kale erasoetan parte hartu izan duenik erakusteko baina hala ere Oier espetxean aurkitzen da 14 urteko zigorra betetzen.

Jakin izan dugunez ondorengo asteetan Jokin Zerain gasteiztarra ere epaitua izango da auzitegi nazionalean. Jokin duela hilabete batzuk atxilotu zuen ertzaintzak kale eraso batean parte hartzea egotzita eta epaileak espetxera bidali zuen. Orain fiskaltzak bere aurkako 35 urteko espetxe zigorra igorri du. Jokinen kasuan kalte materialak eragitea, talde armatuko kidea izatea eta material eztandagarria izatea egotzita epaituko dute.

Estatuak auzitegi nazionala darabil gazteria independentista kriminalizatu eta zigortzeko, berauen aurka mendekuzko zigor basatiak inposatuz. Kasu hauek adibide batzuk besterik ez dira gazte idependentistek pairatzen duten errepresio basatian.

Badira hamarnaka gazte gasteiztar, eta ehundaka euskal herritar, beraien militantziagatik atxilotu, torturatu eta gartzeleratu dituztenak.

Gaur, Gasteizen, 400 pertsonako mobilizazio bat burutu dugu ertzaintzaren jasarpen pean. Ertzaintzak, mobilizazioa hasi aurretik estatuaren eta auzitegi nazionalaren aurkako oihuak burutu ezkero mobilizazioaren aurka ekingo zutela mehatxatu gaitu. Poliziaren hiru furgoneta agertu dira Andra Mari Txuriaren enparantzan, hoietako bi "indar berezienak". Hala ere ez gara kikildu eta gazteriaren aurkako kriminalizazioa eta errepresioa salatu dugu gasteizko kaleetan.

Ez gaituzte errepresioarekin eta mehatxuekin geldituko eta Euskal Herriak benetako egoera demokratiko bat eskuratu eta auzitegi nazionala desagertu harte lanean jarraituko dugu.