martes, 11 de enero de 2011

Ezker Abertzalearen adierazpena euskal jendarteari

Su eten IRAUNKOR, OROKOR ETA EGIAZTAGARRI bat abiatzeko ETA erakundeak harturiko erabakiak bake eta konponbide demokratiko marko baterantz era atzeraezinean aurrera egiteko aukera irekitzen du argi eta garbi. Fase politiko berri bat bultzatzeko erabakigarria eta irismen historikoa duen aldebakarreko erabaki ausart baten aurrean gaudela deritzogu.

Ezker Abertzalearen iritziz ETAk adieraziriko SU ETEN IRAUNKOR, OROKOR ETA EGIAZTAGARRIAK Nazioarteko Komunitateak Bruselan zein euskal jendartearen sektore zabalek Gernikan ETA zein Gobernu espainiarrari eginiko eskaerari era positiboan erantzuten dio, bermaturiko indarkeria eza eta normalizazio politikoko agertoki bati ekarpen gisa.

Prozesu Demokratiko bat garatzeko Ezker Abertzalearen apustuan sakontzera dator su eten erabaki hau, euskal indar politiko guztien arteko elkarrizketa eta negoziazio prozesu barneratzaile eta integral bat garatzeko ataria litzatekeen normalizazio politikorako oinarrizko baldintzak sortuz. Horregatik, Bruselako Adierazpeneko ordezkariek duela aste batzuk iragarritako Nazioarteko Harreman Taldea martxan jartzeko baldintzak betetzen direla deritzogu.

Estatuak, PSOEren Gobernuak, klase politikoak oro har eta eragile sozial eta sindikalek horren garrantzitsua den ekimena bere neurrian baloratu behar lukete, arduraz eta euskal gizarteak zein nazioarteko komunitateak eskatzen duten erantzukizunez, gatazka politikoa eta bere ondorio lazgarriak behin betiko gainditzeko. Eskaera bera frantziar gobernuari luzatzen diogu, daukan inplikazio eta ardurarengatik.

Beraz, espero dugu ETAk harturiko aurrekaririk gabeko erabakiaren balioa gailenduko dela aukera politiko bakoitzaren inertzia klasikoak mantentzera datozen adierazpen eta jarreretatik harantzago. Eta ireki dadila euskal jendartearen gehiengoak, eta baita espainiarrak ere, desio duten agertokia eraikitzeko fasea. Zentzu horretan, ETAren adierazpena nahikoa den edo ez, bere burua zaindaritzat jotzen duen ala ez edota bere desagertzea ez duela aipatzen esatera mugatzeak, adierazpenaren edukiak gutxiesteko eta jendartea nahasteko saiakera arduragabeak baino ez dira.

Azkenik, Ezker Abertzaleak “Zutik Euskal Herria” ebazpenean oinarrituriko apustu politikoa berresten du. Bide politiko eta demokratikoekiko konpromiso argia duen proiektu politiko eta organizatibo berri bat bultzatzeko bere konpromisoa berresten du. Horretarako, herri eta auzoetan lanean murgiltzera dei egiten dugu euskal jendartea, ilusioz eta konpromisoz, bake eta konponbide demokratikoa oinarri izango dituen etorkizuna eraikitzeko