viernes, 21 de enero de 2011

Miguel Angel espetxera bidali dute eta Edurne, Oihana eta Koldo baldintzapean aterako dira

askatu.org
Oihana libre atera da eta fiskalak 35.000 eta 20.000 euroko bermea eskatu du Edurne eta Koldorentzat. Tratua zuzena izan dela azaldu dute lauek.

Oihanak sinatzera joan beharko du bi astean behin.

Autoan mehatxu batzuk jaso dituzten arrean komisaldegiko tratua zuzena eta lasaia izan dela esan dute. Lau atxilotu hauek ez dute egin deklarazio polizialik eta judizialik. Arratsaldean Guardia Zibilak atxiloturikoetako bi eramango dituzte epailearen aurrera, eta bihar beste lauak.

Torturak ekiditeko neurriak hartzeari uko egin dio Marlaska epaileak:

Nafarroan atxiloturiko hamar lagunen abokatuek Habeas Corpusa eskatu zuten, atxilotuak berehala epailearen aurrera pasatzea hain zuzen ere. Entzutegi nazionalak ukatu egin du eskaera hori. Inkomunikazio aldian atxilotuak torturatuak izan daitezen ekiditeko protokoloa ere eskatu du defentsak, eta hau ere atzera bota dute.

3 neurri eskatu dira zehazki:

- Atxiloketa aldian konfiantzako medikuaren bisitak izatea.

- Atxiloketa une guztia bideo kamaraz grabatua izatea.

- Bere senideek atxilotua non dagoen eta nola dagoen jakin dezatela.

Atxilotuak inkomunikatuak aurkitzen dira eta ez dago beraien egoeraren inolako berririk. Ertzaintzak Andoainen atxilotu zuen gaztea ere inkomunikatua aurkitzen da. Senideei telefono bat eman
zitzaien asistentziarako eta bertan esan diete medikuak ikusi duela eta ondo dagoela. Honi ere torturak ekiditeko neurriak ukatu dizkiete.