martes, 11 de enero de 2011

Iraitz Gesalaga Tximas eta Itsaso Urteaga atxilotu dituzte goizaldean

Iraitz Gesalaga Ziburun atxilotu dute eta Itsaso Urteaga berriz Zarautzen. Lehena Frantziako poliziaren eskuetan aurkitzen da eta bigarrena Guardia Zibilaren eskuetan.

Iraitzek 27 urte ditu eta Ziburun bizi da azken hilabeteotan eta bertan egiten du lan informatikari bezala. Bizitza erabat publikoa egin izan du gaur arte.

Itsasok berriz 21 urte ditu eta Zarautzen bizi da. Donostian filosofiako ikasketak egiten ari da uneotan.

Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren irakurketa:

Gaurko atxiloketak atzo ETA erakundeak publiko egindako adierazpenari Frantziako eta Espainiako Gobernuek emandako erantzun bateratua dira.

Bi gobernuek gatazka eta errepresio egoera betikotu nahi dute gure herrian, eta ilusioa nagusi den egunotan eskuburdinen eta inkomunikazioaren bidez erakutsi dute zein den beraien jarrera politikoa Euskal Herrian zabaldu den aro politiko berrian.

Atxiloketa hauek propaganda hutsa direla salatu nahi dugu, gerra propaganda hutsa. Bizitza erabat publikoa egiten duten bi gazte justu agiriaren hurrengo egunean atxilotzea ez da inondik kasualitatea. Atxiloketa hauen atzean mezu politiko argia dago. Garaipen militarra saldu nahi dute uneotan bizi duten ezintasun politikoa ezkutatzeko helburuarekin.

Bereziki kezka agertu nahi dugu une hauetan Itsasok bizi duen egoeraz. Itsaso Guardia Zibilaren eskuetan inkomunikaturik aurkitzen da eta argi dago honek benetako tortura arriskua suposatzen duela. Inkomunikazioak tortura ahalbideratzen du, eta horrela erakusten dute iaz gure herrian izan ziren 63 tortura salaketek.

Amaitzeko dei bat luzatu nahi dugu gaur arratsaldean eta datozen egunotan Zarautzen eta Ziburun burutuko diren mobilizazioetan parte hartzeko.

Atxilotuak askatu!!
Errepresioa ez da bidea!!