sábado, 26 de marzo de 2011

Biziarteko zigorrarekin eta presoen aurkako eskubide urraketekin amaitzeko eskatu du AAMk

BIZIARTEKO ZIGORRIK EZ! Agerraldia

Egunon guztioi eta milesker agerraldi honetara hurbildu zaretelako. Euskal Herri osotik etorritako herritarrak batu gara gaur Gasteizen, eta hemen gaude, besteak beste, espetxean urte asko eman dituzten pertsonak, euskal preso politikoen senideak eta lagunak, abokatuak eta herritarrak.

Jose Mari Sagardui Gatza eta Jon Agirre Elurtxuri euskal preso politikoak etxera itzuliko dira udaberri honetan. 30 urteko espetxealdi luzea atzean utzi eta libre aterako dira. Sakabanaketa, gose grebak, itxialdiak, isolamendua, jipoiak, eritasunak... Espetxe politika anker honek berarekin dakarren guztia pairatu dute urte hauetan guztietan, baina ankerkeria guzti hauek garaituta eta  duintasunaren jabe itzuliko dira biak sorterrira. Ez da kasualitatea arrazoi politikoengatik Europa osoan denbora gehien espetxean daramatzaten presoak euskaldunak izatea. Europan inon ez bezalako espetxe politika ankerra aplikatzen baitzaie euskal preso politikoei, bai espainiar gobernuaren aldetik, bai eta  bai frantziar gobernuaren aldetik ere.

30 urteko espetxealdiak biziarteko zigorraz hitz egitera garamatza ezinbestean. Biziarteko zigorra legeztatu egin dute Espainiar estatuan, euskal preso politikoentzat espresuki ezarritako espetxe politika ankerraren baitan:

20 urte preso daramatzaten euskal preso politikoak 27 dira
21 urte preso daramatzaten euskal preso politikoak 6 dira
22 urte preso daramatzaten euskal preso politikoak 15 dira
23 urte preso daramatzaten euskal preso politikoak 3 dira
24 urte preso daramatzaten euskal preso politikoak 14 dira
25 urte preso daramatzaten euskal preso politikoak 12 dira
26 urte preso daramatzaten euskal preso politikoak 4 dira
27 urte preso daramatzaten euskal preso politikoak 2 dira
30 urte preso daramatzaten euskal preso politikoak 2 dira

Guztira 89 dira egun 20 urte baino gehiago espetxean daramatzaten euskal preso politikoak.

Erabaki politikoz ezartzen zaizkie muturreko neurriak euskal preso politikoei, eta biziarteko zigorraren ezarpena honen adibide argia da. Presoengan etsipena sortzea, presoen osasunean eragitea, urruntasun eta inkomunikazio sentsazioa areagotzea, presoekin batera presoen senideak zigortzea... Finean presoak pertsona bezala suntsitu eta militante politiko bezala ezabatu nahi ditu biziarteko zigorrak. Baina biziarteko zigorrarekin batera badira bestelako neurriak euskal preso politikoekin amaitzea bilatzen dutenak. Hor dugu gaixotasun larriak dituzten presoen egoera, tartean eskizofrenia edo minbizia bezalako eritasun larriak dituzten lagunak giltzapean mantentzen baitituzte oraindik orain. Hor dugu sakabanaketa politika, istripuak eragiten jarraitzen duena, hamasei senideren bizitza aurretik eraman duena. Hor dugu bakartze eta isolamendu politika, presoa bakartzea eta inkomunikatzea bilatzen duena. Muturreko neurriak dira, erabaki politikoz ezarriak, Euskal Preso Politikoen Kolektiboarentzat bereziki sortuak, eta Kolektibo honetako kideei aplikatuak.

Sufrimendua, heriotza, galera ekonomikoa, mehatxua eta etengabeko zigorra suposatzen duen espetxe politika honi aurre egin behar izan dio Euskal Preso Politikoen Kolektiboak urte hauetan guztietan. Asko dira heriotza ezagutu dutenak, eta gaur gogoan izan nahi ditugu inoiz makurtu ez zirelako gure artetik kendu dizkiguten lagunak, bai preso zirela hildakoak, bai eritasunen ondorioz espetxetik atera eta gutxira hildakoak, bai errepidean bizitza utzi dutenak. Ez zaituztegu ahaztuko.

Borrokaren bidez, espetxez espetxe, izaera kolektiboa eta nortasuna mantendu dute eta mantentzen dute euskal preso politikoek. Honen adibide dira Gatza eta Elurtxuri, 30 urteren ondoren kalera aterako diren euskal preso politikoak. Horren adibide dira gaur, oraindik espetxeetan dauden 720 euskal preso politikoak.

Euskal Herrian prozesu demokratiko bat bururaino eramateko hautua egin dugu Gernikan batu garen eragileok. Prozesu demokratikoaren oinarriak jarri ditugu, eta jada atzera bueltarik ez duen bide berria urratzen ari gara. Gernikako akordioak jasotzen dituen aldarrikapenak praktikan gauzatzen hasteko unean gaude orain, eta guk euskal preso politikoen egoera konpontzeak benetako urgentzia duela ohartarazi nahi dugu. Luze baino lehen espetxe politiko anker honekin amaitu eta euskal preso politikoen eskubideak bermatuko dituzten neurriak hartzeko deia luzatzen diegu arduradunei. Sakabanaketarekin amaitzea, kondena bete duten presoak kaleratzea, eritasun larriak dituzten presoen kaleratzea eta senideen aurkako jazarpenarekin amaitzea oinarrizkoa, premiazkoa eta urgentea dela esan nahi dugu. Behin urrats hau emanda preso eta iheslari guztien etxeratzea izan behar du ondorio konponbide prozesuak. Amnistia prozesu demokratikoaren emaitza izango da. Eta guk Amnistiaz ulertzen dugu presoak eta iheslariak etxean direla, hauek egon izanaren arrazoiak gaindituta direla.

Baina zoritxarrez bi Gobernuak dira une honetan espetxeetako giltzak dituztenak. Guri dagokigu beraz Gobernuak espetxeetako ateak irekitzera bultzatzea. Urtarrilaren 8an burutu genuen mobilizazio erraldoia dugu hurbileko erreferentzia, eta hortik abiatuta herri eta auzo guztietan euskal preso politikoen eskubideen aldeko mobilizazioa eta presioa areagotzeko deia egiten dugu. Bide horretan, konpromiso kolektibo berriak antolatzen joango gara datozen hilabeteotan, eta herritar guztiei dei egin nahi diegu mobilizazio erraldoi honetan parte izan daitezen.

Amaitzeko Gatzari, Elurtxuriri, eta euskal preso politiko guztiei gure babesa eta esker ona luzatu nahi dizkiegu hemendik.

Euskal Herria historiako kapitulu berriak idaztera doa, eta hauetako bat izango da espetxeetako hormatzarrak botako ditugun egunekoa.

Euskal Herrian, 2011ko martxoaren 26an.