sábado, 12 de marzo de 2011

Atxiloketa salatzeko manifestazioak izango dira gaur Gasteizen, Altzan eta Urduñan

askatu.org
Atzo ere mobilizazioak burutu ziren atxilotuen auzo eta herrietan. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak gatazkaren konponbide demokratikoa aldarrikatu du.

Mobilizazioak:

GAUR, LARUNBATA:
Altzan, 19:30etan manifestazioa Kaskotik
Gasteizen, 20:00etan manifestazioa Korreosetik
Urduñan, 13:30etan manifestazioa plazatik

Frantziar poliziak burutu dituen atxiloketen aurrean:
Amnistiaren Aldeko Mugimenduak elkartasuna eta babesa adierazi nahi die atzo Frantziako poliziak atxilotu zituen lau militante politikoei, baita hauen senide eta lagunei ere.

Urteen joan etorrian antzeko polizia operazioetara ohitzen joan gara. Urteen joan etorrian hamaika aldiz saldu digute ETA erakundea errepresioaren bidez garaitzera doazela. Baina urteen joan etorrian gatazkaren konponbidea bide politikoetatik soilik etorriko dela agerian gelditu da.

Euskal Memoria Fundazioa eskainitako datuen arabera 50.000 euskal herritar atxilotuak izan dira arrazoi politikoengatik azken 50 urteotan. Gure herriko historia hurbilean errepresiorik ankerrena erabili dute estatuek, zapalkuntzaren aurrean Euskal Herriaren independentziaren alde altxatu diren militanteen aurka. Errepresio modu ankerrenak indarrean dituzte oraindik orain,  eta hori erakusten du azken atxiloketek, tortura kasu larriek, espetxeetako gertaeren edo euroaginduen aplikazio masiboak.

Baina herri honetan prozesu demokratiko bat bururaino eramateko konpromisoan bat egin dute borondate anitzek. Eragile ugarik konpromiso argiak hartu dituzte bide horretan, tartean ETA erakundeak harturiko erabakiak ere zinez garrantzitsuak izan direlarik prozesu demokratikoaren oinarriak jartzeko. Espainiako eta Frantziako Gobernuek aldiz errezeta zaharrekin jarraitzen dute gaur gaurkoz.

Prozesu demokratikoan aurrera egiteko urratsak ematera behartu behar ditugu bi Gobernuak. Hartu behar dituzten neurrien artean dago atxiloketa oro gelditzea.

Zentzu honetan, Amnistiaren Aldeko Mugimendutik deia luzatu nahi dugu atxilotuen auzo eta herrietan datozen egunotan burutuko diren mobilizazioetan parte hartzera.

IBAI ETA BESTEAK ASKATU!!

ERREPRESIOA EZ DA BIDEA