gazte-iraultza.info
Gaur goizean Arabako gazte mugimenduak agerpen masiboa burutu du Gasteizen herrialdeko gazteriak azken aldian pairatzen ari den errepresio basatia salatzeko. Ertzaintzaren 5 patruila agertu dira eta prentsaurrekoa egitea debekatu egin dute, gazte bat identifikatuz. Hortaz, gaztetxean egin behar izan da.
Araba Gazte Mugimenduaren Irakuketa:
Lehenik eta behin eskerrak hona gerturatu zareten guztioi. Hemen elkartu garen gazteak, bakoitza bere esparrutik, Arabako gazte mugimenduko kide gara. Prentsaurreko honen bitartez, azken urteotan, arabar gazteriarengan izandako errepresio basatia salatu nahi dugu.
2007ko urtarrilean auzitegi gorenak Jarrai-Haika-Segi antolakundeak terrorista izendatu zituen, eta horrez geroztik 214 gazte izan dira atxilotuak, eta horietatik 130 espetxeratuak. Gazte antolakundeak terrorista izendatuak izan zirenetik, makrosarekada zein herriz herri burututako atxiloketetan, esparru ezberdinetan antolatutako ehundaka gazteei “erakunde terroristako” kideak izatea leporatzeaz gain, kale borroka erasoekin lotu dituzte sistematikoki eta inolako frogarik gabe. Atxiloketa hauetan pairatutako inkomunikazioen ondorioz, torturaz lortutako izenekin, gaztez osatutako zerrenda beltzak eraiki dituzte, gazte hauek, gauero atxilotze eta torturatze arriskupean aurkitzen direlarik.
Errepresioak Gasteizen izan duen eragina bereiziki latza izan da. 50 gaztetik gora arrazoi politiko soilengatik atxilotuak izan dira eta 45tik gora espetxeratuak, askok tortura basatiak salatu dituztelarik.Egun, 15 gazte arabar espainiar zein frantziar kartzeletan sakabanatuta aurkitzen dira, guztira 700 preso baino gehiagok osatutako euskal preso politikoen kolektiboaren baitan. Ezin dugu ahaztu ere, soilik Gasteizen preso politikoen kopurua 50tik gorakoa dela, beldurgarria zinez.
Azken denboraldian errepresioa hurbiletik jasan duten gazteen adibide dira euroaginduaren zain estatu frantsesean preso dauden Aiala Zaldibar eta Bergoi Madernaz. Bi gazte hauek, poliziaren atzaparretatik alde egin zuten tortura ekiditzeko helburuarekin. Zenbaezinak dira antzeko egoeren aurrean azken urte hauetan zehar bere herritik ihes egin behar izan duten gazte arabarrak.
Oier Urrutia gasteiztarrari 14 urteko kartzela zigorra ezarri dio salbuespeneko Auzitegi Nazionalak, terrorismoaren akusaziopean, horretarako inolako frogarik mahaigaineratu gabe. Ekaitz Samaniego gazteak antzeko egoera pairatu du zazpi urte t’erdiko kartzela zigorrera kondenatua izan delarik. Epaitu berri den Jokin Zerain gaztea 17 urteko zigor eskaeraren aurrean aurkitzen da, sententzia jasotzearen zain. Aurreko gasteiztarrak bezala, bere pentsamolde eta, azken finean, bere herri zein auzoarekiko konpromezuagatik neurrigabeko mendeku epaia jasotzearen arriskupean delarik.
Testuinguru honetan kokatu daiteke ere, azken aldian modu harrigarrian areagotu den gerra zikina. Horren erakusle, poliziarekin kolaboratzeko eskaintzak eta mehatxuak zein eraso faxisten agerpena dira, besteak beste.
Errepresio honek gazteria sumisoa bihurtzearen helburu argia dute: gure baloreei zein pentsamoldeei uko egin diezaiegun bilatzen ari dira, horrela hezkuntza, hizkuntza, feminismoa, autogestioa edota inposatu duten gidoietik ateratzen den edozein proiektuaren alde egin ez dezagun.
Momentu honetan, Araban 20 gaztetik gora poliziak torturaz lortutako zerrenda beltzetan ageri dira. Gazte hauek atxilotu eta torturatuak izateko arriskuan daude, eta honen aurrean adi egoteko deia luzatzen dugu.
Gazte mugimenduak, gazte orok gazte hutsa izateagatik jasaten duen jarraipen, presio, atxiloketa, tortura eta espetxeratze oro salatzen dugu, eta ozen adierazten dugu ez dugula beste gazte bakar baten kontrako jazarpenik onartuko.
Honekin batera, eta amaitzeko, norbanako eta eragile guztiei deia luzatzen diegu Euskal Herrian, bereiziki Araban gazteriak pairatzen duen egoera latza salatzera, eta egon daitekeen eraso bakoitzaren aurrean erantzuteko konpromezua hartzera. Modu berean, zenbait komunikabideek, egoera larri hau isilaraziz eta gazte mugimendua kriminalizatuz erakusten duten konplizitatea amaitzeko exijitzen dugu. Eskubide zibil eta politikoen errespetua irmoki exijitzeko ordua iritsi da Euskal Herrian, eta horien defentsan gazteak lehenengo lerroan egongo gara.
Euskal Gazteria Aurrera! Atxiloketa Gehiagorik Ez!