viernes, 25 de enero de 2013

Aresek, Ertzaintzak eta epaileak Nafarrateren kasuan izandako jarrera salatu du Plazara!-k

Plazara Mugimendua

Nafarratek jarritako salaketaren aurrean Aresek, Ertzaintzak eta epaileak izandako jarrera salatu du Plazara! mugimenduak. Urtarrilaren 22an artxibatu zuten gazteak jarritako salaketa. Honi elkartasuna adierazteko eta gertatutakoa salatzeko kontzentrazioa deitu du Plazara!-k urtarrilaren 30erako. Olaguibel kaleko Ertzaintzaren komisaldegi aurrean izango da 19:30etan, “Ares, Ertzaintza, juez: NO OS CREEMOS. Justizia Xubanentzat.” lemapean.
Prentsaurrekoko oharra:
Ez ditugu sinesten. Nor eta Ares: orduko hartan esan zuen ez zituztela pilotak jaurti eta Xuban eta bere familia gezurretan ari zirela. Nor eta polizia operatiboaren burua, eta tiratzailea bera ere: epaiketan deklaratu zuten baietz, tiro egin zutela, baina pilotarik gabe, salba hutsa izan zela. Nor eta epailea: hainbeste sinesten du poliziaren hitzen egiazkotasunean, non ez baitie deklarazioa ere hartu Xubanen senideek proposaturiko lekukoei, eta ez du zalantza izpirik ere ikusten bideoko irudietan, zeinek tiro hotsa erakusten baitute eta segidan norbait lurrera ziplo erortzen dela.
Ez ditugu sinesten. Martxoaren 29 hartan haien ekintza biolento orokorra jasan genuelako, grebarako eskubidea ere urratu zuena, orduan esan genuen bezala. Pilotak tirokatzen ikusi genituelako, arratsaldeko manifestazio jendetsuan ere, milaka pertsona zutela jomugan.
Ez ditugu sinesten hau ez delako kasu isolatu bat. Ez poliziaren jardunari dagokionez, ez gertakarien ondorengo ezkutatze eta itxuraldatzeari dagokionez ere. Galde diezaiotela Arartekoari esaterako. Iñigo Cabacasen erailketaren inguruko informazioa eskatu besterik ez zuen egin, eta polizia autonomikoaren erantzuna, Ares buru, informazio hori ukatu eta publikoki Iñigo Lamarcaren aurka gogor egitea izan zen, behintzat gertakarien parte bat argitzen saiatzeagatik; Parlamentuaren babesean lan egiten duen kargu publiko batekin horrela jokatzen badute, zer errespetu izango digute kaleko pertsonei eta herri mugimendu eta sindikatuei? Baldin eta epailetza arduradun politikoen eta biolentziaren monopolioa legez darabilten polizien hutsak estaltzen aritzen bada haien gehiegikeria saihesten ahalegindu beharrean, nola espero dezakegu justizia?
Ez ditugu haiek guztiak sinesten. Xuban sinesten dugu, Xuban konorterik gabe zegoenean gertaturikoa kontatu zuten lekukoak sinesten ditugu. Baita egun hartan ikusi eta bizitakoa eta beste kasu eta leku batzuetan gertatutakoa ere. Auzitegitan eta bulegotan poliziak errugabetasun presuntzioarekin saritzen dituzte, eta herritarrei, aldiz, erruduntasuna egotzi. Gure artean, esperientziak diosku alderantziz dela. Agian komeni litzateke aditu inpartzialak baimentzea kasu horiek argitzeko, baina badirudi auzitegietan, behintzat, ez dugula halakorik aurkituko. Nolanahi ere, Xubanentzako justizia eskatzen dugu eta maila guztietan erantzukizunak banatzen has daitezela.
Ez ditugu sinesten, eta ahalik eta ozenen esateko beharra sentitzen dugu. Izan ere, eskubide sozial, zibil eta politikoen murrizketa uholde honen aurrean, politika ofiziala ustela eta diruari mirabe den bankukrazia testuinguru honetan, protesta egiten jarraitu beharko dugu, kalera ateratzen. Xuban kasik hiltzen duten greba hartatik, gero eta arrazoi gehiago pilatu ditugu horretarako. Bidegabekeria hau salatzea beharrezkoa da, zeren eta gaur ez badugu egiten, etorkizunean antzeko egoerak gertatzeko aukerak gehiago izango baitira.
Guzti hau salatzeko eta Xubani elkartasuna adierazteko, hilaren 30erako, asteazkena, kontzentrazioa deitzen dugu Olaguibel kaleko Ertzaintzaren komisaldegi aurrean, arrtsaldeko 7.30etarako. Leloa: Ares, Ertzaintza, juez: NO OS CREEMOS. Justizia Xubanentzat. Gasteiztar oro eta hiriko herri mugimendu zein sindikatuak gonbidatzen ditugu bertaratzera zein mobilizazioari atxikimendua ematera.