lunes, 5 de marzo de 2012

gazteiraultza.info
Gogotsu hasi zen atzo martxoko iraultza. 1976ko martxoak 3ko gertakariak gogora ekarri eta justizia eskatu nahian hainbat ekimen prestatu ziren, horietako askotan gazteak protagonistak izanik.
Goizeko 10:30tan Gaztetxetik abiatu zen kalejira-parodia, Kutxitik pasatuz eta Koldo Mitxelena txiki institutura helduz. PPko banderolekin eta mozorroturik, gazteek Fraga irudikatzen zuen panpin bat gainean zeramaten. Martxoak 3ko plazan Eusko Jaurlaritzak burutzen ari zen “omenaldia” zela eta, ezinezkoa izan zen planifikatuta zegoen parodia burutzea, Polizia Autonomikoaren bost furgoi baitzeuden.
Aurrekoa zela eta, Aldabe gizarte-etxeruntz abiatzea erabaki zuten, bertan ekitaldi nazionala egingo baitzen. Molinuevo parketik ari zirela, Polizia Autonomikoak geldiarazi zituzten, 6 pertsona identifikatuz; horien artean 4 gazte. Esan zitzaien bateratze ilegalagatik isun ekonomikoak ezarriko zitzaiela.
Behin Aldabeko atean, 50 pertsona inguruk justizia eskatzeko parodia presentziatu zuten. Fraga epaitzeko azken erabakia herriaren esku utzi zen; “ERRUDUNA edo EZ??”;“BAAAAIII” erantzun zuen herriak. Horrela, gertuen zegoen kontainerrera bota zuten Fraga.
12:00etan hasi zen ekitaldi nazionala. Bertan hainbat 100 pertsona inguru bildu ziren. Horien artean Rufi Etxeberria, Txelui Moreno, Patxi Ruiz de Samaniego eta Askapenako kide batzuk.
Ekitaldian duela 36 urteko eskubideen defentsaren aldeko aldarrikapen sozial eta politikoa gogora ekarri zen, zapaldua izan zena. LABeko Sonia Gonzalezek aitortu zuen 1976an kalera atera zen langile borroka egungoarekin parekotasunak aurkitu behar ditugula. «Egungoa ez da krisi ekonomikoa edo ekoizpenekoa, baizik eta sistema kapitalista beraren krisia», zioen Gonzalezek. «Martxoak 29ko Greba Orokorra gizarte eta independentismoarentzat inflexio puntu bat izango da».
Ostean, Ander Maiorak eta Aratz Zearretak hitza hartu zuten. Esan zutenaren arabera, gazteok oso gustora bizi izan gara kapitalismoaren burbuilan, baina batzuk aberasten ziren bitartean, besteak pobretuz joan ziren. «Gazteok beti bizi izan gara krisian, baina orain betikotzera joko dute». «KALEA GUREA DA!!», aldarrikatu zuten, «baina horretarako antolatu eta borrokatu behar dugu».
1976ko martxoak 3an erailako bost langileen senideek monolitoari krabelinak eskaini eta agurra jaso ostean, Txelui Morenok hartu zuen hitza. Sufrimenduz lortutako eskubideak orain lapurtu nahi dizkigutela adierazi zuen Morenok. «Ez dira gai alternatibak planteatzeko, beraz, goazen independentziara!». Martxoak 29ko grebarako deialdia egin zuen Morenok eta erailako langileei egin zitekeen omenaldirik onena sugarra piztuta mantentzea dela adierazi zuen.
Ekitaldia bukatu bezain pronto, martxoak 3ko plazara abiatu zen 100 pertsona inguruko kalejira, ikurriñaz lagunduta. Lore eskaintza burutuko zen plazara heltzen ziren heinean, ikusiz joan ziren sindikatuek egindako martxoak 3 eta martxoak 29aren aldeko pankartak eta Francisco Aznar, Pedro Maria Martinez Ocio, Romualdo Barroso, Bienvenido Pereda eta Jose Castilloren argazkiak, eszenatokian zintzilikaturik zeudenak.
Ekitaldia txalaparta hotsarekin hasi eta Ander Solozabalen bertso batekin jarraitu zuen. Ezker abertzaleak, EAk, Alternatibak eta Aralarrek antolatutako ekitaldian Blanki Anteparari omenaldi xume bat eskeini zitzaion, agur eta ohore adieraziz. Baita Gasteizko hildakoekiko elkartasunez erailako beste bi langileei ere omenaldia eskeini zitzaien: Juan Gabriel Rodrigo (Basauri) eta Vicente Anton Ferrero (Tarragona). Aldi berean, martxoak 3ko borroka langile borrokaren ikur zela adierazi zuten.
Ekitaldiaren irakurketan fase politiko berriari egin zitzaion erreferentzia, eskubideen aitorpenean oinarrituta egon behar dena. Fase berri horretan gizarte euskalduna protagonista izan behar dela adierazi zuten, krisi global honetan langileen eskubideak jokoan baitaude.
Martxoak 3ko borrokari erreferentzia egiten dion monolitoan hildakoen omenez bost krabelin utzi ostean, aurreskua dantzatu eta biola baten soinuaz lagundurik, internazionala eta eusko gudariak abestu zuten bertan zeuden kideek, aurreko ekitaldiaren amaieran bezalaxe.
Bazkaldu eta berriro ere gazteek arratsaldeko dinamikari ekin zioten. Gaztetxetik hasi behar zen gazte blokea Bilbo plazatik hasi zen azkenean, Gaztetxeko inguruetan Ertzaintzaren furgoiak aurkitzen baitziren. “Gasteizko gazteok… ez dugu barkatuko!” leloa zeraman pankartaren atzean bildu zen Gasteizko gazte mugimendua, aurretik bost hilkutxa sorbaldetan eramaten zituzten bitartean, bost hildakoen argazkiak agerian utziz.
Martxoak 3ko plazara heldu zirenean, bertan batuta zeuden manifestariek txaloen artean jaso zituzten gazteak. 18:30an Martxoak 3ko plaza-Nafarroako Errege-Erreginen kalea-Legutioko atea-Frantzia kalea-Bake kalea-Independentzia kalea-Araba Jeneralaren kalea-Dato kalea-Andra Mari Zuriaren enparantza ibilbidea izan zuen manifestazioa hasi zen. Mobilizazioan hainbat eragileen presentzia ikus zitekeen, bakoitza bere lelo eta pankartekin. Besteak beste, Martxoak 3ko Biktimen Elkartea (manifestazioaren deialdia egin zutenek), EHK, gazte mugimendua, anarkistak…
Aurkitu zitezkeen pankarten artean “GREBA BASATIA ETEN GABE”, “AQUI SE RESPIRA LUCHA” eta “GASTEIZKO GAZTEOK…EZ DUGU BARKATUKO!” bezalakoak aurkitu zitezkeen. Mota orotariko oihuak ere entzun zitezkeen: 
“Gora langileon borroka”, “Ez gaituzue geldituko”, “Fraga, cabrón, que suerte has tenido”, “Herriak ez du barkatuko”, “3 de marzo, nosotros no olvidamos”, “Policia asesina”, “Borroka da bide bakarra”, “Kapitalismoa suntsitu”, “Errepresioa ez da bidea”, “Os vamos a quemar en la huelga general”, “Jo ta ke, irabazi arte”, “Independentzia ta sozialismoa”, “Hoy tu de negro, mañana tu familia”, “Gazte bat, lanpostu duin bat”, “Menos policia, más trabajo”, “Egindakoa ordainduko duzue”, “La policia tortura y asesina”, “Perros guardianes del orden y la ley, asesinos a sueldo abuso de poder”, “Guerra social contra el capital”, “Estado español, estado terrorista”, “Fraga asesino”,…
Nabaria zen gazte mugimenduaren presentzia, manifestazioaren zati handitxo bat okupatzen zuena. “Ni olvido ni perdón”, “Gora langile borroka”, “Memoria berreskuratu geroa prestatzeko”, “Zuen borroka gure eredu” bezalako leloekin eta bost hildakoen argazki eta izenekin hamarnaka kartel eroaten zituzten, hainbat ikurriñen artean. Nabaria izan zen baita poliziaren presentzia ere. Hasieratik, Bilbo plazan eta Artiumekoan ageri ziren ertzainak beltzez jantzita, hainbat furgoien parean. Era berean, komunikazioaren presentzia aipatzekoa izan zen, hainbat hedabideetako argazkilari, kazetari eta bideogile gertatzen zenaren testigantzak jasotzen zituztelarik.
Andra Mari Zuriaren enparantzara heltzerakoan, Iñaki Viñaspreren eta Andere Arriolabengoaren bertsoak entzun ziren, lehenengoak 1976an gertatutakoarengatik justizia eskatuz eta bigarrenak martxoak 29rako deialdia eginez. Duela 36 urte izan ziren gertakariak eta bost hildakoak gogora ekarri ostean, internazionala eta eusko gudariak abestu ziren. Bertatik, Enparantza Berria zeharkatuz, 150 gazte inguruk PPko egoitzarako norabidean jarri ziren. Jende gehiago batzen ziren bitartean, gazteek gazte bloketik zituzten bost hilkutxak eta pankarta lurrean utzi eta PPko egoitza eta Gobernuaren Ordezkaritzaren artean dagoen errepidean eseri ziren, Olagibel kalea moztuz.
Hamar minutu inguru egon ziren eserita “Herriak ez du barkatuko”, “3 de marzo, nosotros no olvidamos”, eta “Os vamos a quemar en la huelga general” moduko leloak oihukatzen berriz ere Olagibel kaletik kontrako norabidean Ertzaintzaren furgoi bat eta patrol bat agertu ziren arte. Batzuk altxatzen hasi ziren baina tentsioari heldu zioten gazteek, beste bost edo hamar minutuz iraun zuena. Bitartean, beste hiruzpalau furgoi heldu ziren bertara. Bi Olagibel kaleko kontrako norabidean eta gainontzekoek San Frantzisko aldapatik jaitsi eta Gernikako Estatutuaren kaletik bateratzearen albo bat itxi zuten.
Jaso beharreko agindua jaso ostean, peloteraz eta porraz armaturiko ertzainak gazteengana joan ziren aurrez aurre. Ikusita
 gazteek ez zutela altxatu nahi, indarra erabilita besoetatik askatuz saiatzen hasi ziren beltzez jantzitakoek. Porraz lagunduta, gazteak disolbatzen hasi ziren, horietako batzuk arrastaka eramanez atxilotuak izateko. Ertzainak gazteen atzetik joan eta pare bat karga egin zituzten peloterekin, jipoiak nonahi enkajatzen saiatzen ziren bitartean. Batzuk buruan jaso zituzten porrazoak, beste batzuk hanketan, beste bati, aldiz, hatzen bat apurtu zioten. Beste bi pertsona, gutxienez, beso-euskarria daramate kolpeen ondorioz.
Gernikako Estatutuaren kalea itxi zuten kasko gorriek, goitik eta behetik; baita Korreosen bulegoen atzetik dagoen pasartea ere. Tentsioa gora eta behera, munizipalak ere ikus zitezkeen Ertzainak laguntzen, San Frantzisko aldapatik gora, gazte edota helduen atzetik haien porra luzagaiekin pare bat jipoi eman ahal izateko. Gaztetxearen ateraino zabaldu zen.
Atxilotuak guztira lau izan ziren, horien artean baten bat adingabekoa. Hiru Olagibel kalean bertan atxilotu zituzten eta azkena Santiago ospitalean. Bertara sartu eta identifikatzen hasi ziren egondako bateratzean haien jipoiak jaso zituztenei. Batek gainean dokumentaziorik ez zeramanez, komisaldegira eraman zuten. Gauean zehar askatu zituzten atxilotuak, Desobedientzia Zibilaren karguak ezarriz.
Batzuk jasotako erasoari erantzuteko grinarekin eta beste batzuk gertatutakoaren amorruz, disolbatzen joan ziren. Ratotxo bat beranduago, aldiz, mani herrikoi bat burutu zen Fariñasetik hasita Kutxi kalea zeharkatuz.
Egun osoan zehar nabaria izan zen borrokatzeko grina, martxoko iraultzaren hasiera eta eskubideen defentsaren aldarrikapena. Hasi da martxoko iraultza: martxoak 8 eta martxoak 29 geratzen dira aurretik. Baita martxoko gainontzeko egunak ere. Bada momentua behin betikoz gure eskubideen alde borrokatzeko, emakumeon eskubideen alde eta langilearen eskubideen alde, iraultza egiteko.
KALEA GUREA DA!!
AMORRUZ GAZTE ALTXA, HASI DA MARTXOKO IRAULTZA!!