miércoles, 8 de junio de 2011

Laudiotik martxan joan dira Herrerako espetxera euskal preso politikoei elkartasuna erakusteko

askatu.org
Laudiotik bidali diguten oharra:
Larunbatean Laudio, Amurrio eta Urduñako hainbat eta hainbat pertsonek Herrera de la mantxako kartzelaraino bidaiatu zuten bertan preso dagoen Pablo Gorostiaga laudiarrari eta, orokorrean, euskal preso politiko guztiei elkartasuna adierazteko asmoz.
Ostiral gauean abiatu ziren herritarrak martxarako prestatutako busean. Gasteiz parean Guardia Zibilak autobusa gelditu eta bertan zihoazenak identifikatu zituen; berdin gertatu zen soinu ekipoa eta janaria zeramatzan furgonetarekin.
Hurrengo eguneko eguerdian iritsi ziren Herrerara. Guardia Zibilak autobusa kartzelatik aldendutako zelai batean  aparkarazi zuen. Bidaiariak beharrezko materiala hartu eta Presoak etxera jartzen zuen pankartaren atzean abiatu ziren kartzelarantz.
Kartzelaren alboan kokatutako zelai bateraino joan eta bertan egon ziren pare bat ordutan zehar. Soinu ekipoaren bitartez musikaren erritmopean bidali zizkieten elkartasun keinuak eraikinaren barrotedun leihoetatik agurtu egiten zituzten presoei. Kantuak, bertsoak, agurrak… denetarik erabili zuten aiaraldearrek presoen animoak sendotzeko.
Bueltako bideari ekin baino lehen, bertaratutakoek Pablo Gorostiagaren gutun bat irakurri ahal izan zuten, zeinetan Laudioko alkate ohiak biziki ezkertu zuen Aiaraldetik helarazitako elkartasuna.
 
EUSKAL PRESOAK ETXERA ORAIN