domingo, 12 de diciembre de 2010

JARDUNALDIAK - Araba bidegurutzean: lurralde antolaketa eta ingurumena

Abenduaren 18an Aldabe Gizarte Etxean (Gasteiz)

Lurra kolektiboak hamar urte daramatza arlo eta lurralde ezberdinetako garapen ereduen inguruko proiektuak lantzen, besteak beste, Donostia-Baiona Eurohiritia, Natura 200 Sareak tokian tokiko biztanleengan duen eragina edota mendiko-abeltzaintza eta ingurumenaren arteko elkarrekintza. 2010 urte honetan "Araba Erdialdeko Funtzio-Eremuko Lurralde Antolakuntza eta Ingurumena" deritzon proiektua garatu dugu.

Proiektu honen helburu nagusia gure lurraldeko garapen ereduetan eragina duten eta ingurumenarekin, ekonomiarekin eta gizartearekin zerikusia duten erabaki eta ekintzen inguruko eztabaida jendarteratu eta ideiak planteatzea da. Horrela, ingurumena, natur baliabideak, paisaia, hiri-, industri eta nekazal-inguruneak, azpiegiturak eta ekipamenduak, ondare historikoa eta kulturala, etab. moduko gaiak lantzeko asmoa dauka proiektuak. Horrela bada, udazken honetan zehar Agurain, Añana, Arabako Mendialdea, Vitoria-Gasteiz eta Zuiako Koadrilletan eztabaida-batzarrak antolatu eta interes-taldeei zuzendutako inkestak ere egin ditugu norberaren eskualdeko egoera aztertu eta ingurumen, ekonomi, gizarte eta kultura aldetik Arabarako iraunkorragoa izan daitekeen garapen eredu baten alde egiteko asmoz.

Prozesu honetan 22 udaletako ehun pertsona inguruk hartu dute parte. Lurraldea eta ingurumenaren inguruko eztabaida jendarteratu eta ideia eta jardute-ildo berrien ekarpena egiteko amoz "Alava cruce de caminos - Araba bidegurutzean" lelopean jardunaldiak izango dira Gasteizko Aldabe Gizarte Etxean, abenduak 18, larunbatean.

Aurkezten dugun programak hiru hizlari izango ditu José Allende (EHUko katedraduna) "Eskualdea, iraunkortasuna lantzeko lurraldea", José Ángel Cuerda (Gasteizko alkatea 1979 eta 1999 artean) "Hiri iraunkor baten bila" eta Alberto Frías (proiektuaren koordinatzailea) "Araba: lurraldea eta sustraiak". Jardunaldiak goizez izango dira 10.00ak eta 14.00ak artean. Ondoren, proiektuaren muina aurkeztuko da, eskualde ezberdinetako batzarretan parte hartu duten pertsonek Eztabaida-guneetan ateratako Ondorioak aurkeztuko dituzte. Bukatzeko, "Araba Erdialdeko etorkizunerako proposamenak" izenburupean mahai-ingurua egingo dugu. Azken honetarako Arabako Foru Aldundia, Vitoria-Gasteizko Udala, Arabako Kontzejuen Elkartea eta UAGA sindikatua daude gonbidatuta. Jardunaldia irekia eta doakoa den arren, landutako materiala (eskualde mailako estatistika-txostena, eztabaida-guneetan ateratako ondorioak, ponentziak, etab.) batzen duen karpeta jasotzeko aurrez izena ematea beharrezkoa da.

Izena emateko bidali mezu bat lurrasarea@gmail.com helbidera edo deitu 681001114 telefonora. Jardunaldiak interesgarri irudituko zaizkizuelakoan eta bertara gerturatuko zaretelakoan, agur bero bat:

LURRA