jueves, 16 de diciembre de 2010

Abokatuak eta gazte independentistak atxilotu dituzte polizia operazio berri batean

Bizkaian, Araban eta Nafarroan burutu den polizia operazioan gutxienez zazpi lagun atxilotu dituzte Marlaskaren aginduz.

Poliziaren operazioaren aurrean Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren oharra:

Atxilotuen izenak:

Nafarroan:

Oihana Lopez (Burlata)

Eneko Villegas (Atarrabia)

Izaskun Goñi (Txantrea)

Garazi Autor (Donibane)

Araban:

Ainhoa Villaberde (Gasteiz)

Bizkaian:

Haizea Ziluaga (Aranjuezeko espetxe kanpoan)

Haritz Eskudero (Lanzaroten atxilotua)

Atzo arratsaldean eta gaur goizaldean Espainiako Polizia Nazionalak burutu duen polizia operazioa dela eta Amnistiaren Aldeko Mugimendutik gure kezka agertu nahi dugu atxilotuak jasan dezaketen tratuaz. Orain dela aste batzuk gorputz polizial berberak burutu zuen operazioa gogora ekarri nahi dugu, non tortura salaketa larriak egon ziren, tartean sexu jazarpenak eta ospitalizazioak.

Zentzu honetan gogora ekarri nahi dugu Donostian torturaren aurkako burutu zen manifestazio erraldoia, non milaka lagun batu ziren ankerkeria hau geratu dadila aldarrikatuz. Baina gaur, berriz ere, tortura arriskuan aurkitzen dira atxilotuak. Gogora ekarri nahi dugu atxilotuak izan diren gazteen izenak urriaren amaiera burutu zen antzeko polizia operazioan atera zirela, orduan atxilotu zituzten gazteei inkomunikazio aldian eta torturapean ateratako deklarazioetan. Gaur atxilotu dituzten gazteak, operazio horren ondoren bai Usurbilen eta bai Donostian burutu ziren agerraldietan atera ziren, beraien egoeraren berri emanez. Gazte hauek jakitun ziren torturaren zerrenda beltzean zeudela. Baina beraien lana publikoa zela aldarrikatu zuten agerraldi hauetan, eta atxilotu dituzten arte beraien egunerokoan jarraitu dute, unibertsitatean ikasiz, lanera joanez eta gazte mugimenduan parte hartuz.

Abokatuen aurkako atxiloketak ere ez dira berriak. Abokatuok errepresiorik eta espetxe politikarik ankerrenaren lekuko dira, eta errepresio jasaten duten herritarren zerbitzura lan egiten dute, preso politikoen defentsa eginez, torturak salatuz, torturatuak defendatuz e.a. Haritz Eskudero eta Haizea Ziluaga hamaika aldiz atera dira prentsaren aurrean antzeko egoerak salatuz, berdin beraien bezeroei biziarteko zigorra ezarri dietenean edota ankerki torturatuak izan direnean. Errepresioaren zuzeneko testigantzak isildu nahi dituzte abokatuen aurka eginez.

Euskal Herrian ireki den aro politiko berrian errepresioak ez du etenik. ETA erakundeak ekintza armatuen geldialdia iragarri zuenetik sei polizia operazio burutu dituzte Guardia Zibilak eta Espainiako Polizia Nazionalak, hauetan 42 euskal herritar atxilotu eta hauetako 25 torturatu dituztelarik. Hamaika oraindik inkomunikatuak daude. Espainiako Gobernuak errepresioaren aldeko hautua egiten jarraitzen du, eta errepresioarekin erantzuten dio astez aste Euskal Herrian ematen ari diren urrats berriei. Gure herria egoera demokratiko batetara eramateko borondateak batu ditu hamaika eragile politiko, sindikal eta sozial. Estatuak, borondate honi espetxearekin, torturarekin eta jazarpenaren erantzun dio, gure herrian aspaldi ezarria duen errepresio egoera indarrean mantenduz eta areagotuz.

Errepresioaren aurrean kalera ateratzeko deia egiten diegu herritarrei. Estatuaren oldarraldi errepresiboak mobilizazioa, errepresioa bizi duenarekiko elkartasuna eta prozesu demokratikoaren aldeko jarrera tinkoa izan behar ditu erantzun bezala. Zentzu honetan egunotan burutuko diren mobilizazioetan kalera ateratzeko deia luzatzen dugu. Errepresioa demokraziarako bidea moztera dator, moztu diezaiogun bide errepresioari, demokraziarako bideak aurrera egin dezan.

UTZI EUSKAL HERRIKO GAZTERIA BAKEAN

ATXILOTUAL ASKATU!