viernes, 14 de octubre de 2011

Urbinan AHT-ren aurkako manifestazioan atxilotutakoak gaur epaituko dituzte

logo-elkarlana.gif
AHT Gelditu! Elkarlana-ren oharra:

Gaur goizeko 9:30etan hasi da 2009ko urtarrilaren 17an Urbinan AHTren obragunera eginiko manifestazioaren ondoren Ertzaintzak atxilotu zituen sei manifestariren kontrako epaiketa.
Goizeko 9:00etatik aurrera jada, hamarnaka lagun epaitegiaren aurrean elkartu dira auzipetuei sostengua emateko asmoz eta “Ni ere Urbinan egon nintzen” elkartasun kanpainaren barne jasotako 1.599 autoinkulpazio aurkeztu dira.
Epaiketa hasi eta lekuko zein akusatuek deklaratzen emandako hiru orduren ostean, epaileak urriaren 14ra atzeratu du epaiketaren jarraipena. Egun horretan Ertzaintzak filmaturiko grabazioak ikusiko dira eta aldeek euren ondorioak azalduko dituzte. Halaber, auzipetuek azken hitza hartzeko eskubidea izango dute.
Gaur egunez negoziaketa partzial batera heldu dira fiskaltzaren eta 4 urteko espetxe zigorra (2 urte agintaritzari atentatua egitea eta beste 2 desordenu publikoa gehi lesio falta leporatuta) eskatzen zitzaion auzipetuetako baten abokatuaren artean. Lagun honen aurkako zigor eskaera desordenu publikoengatik urtebeteko espetxe eskaerara eta lesio-falta batengatik 815 euroko kalteordainera gutxitua izan da.
Negoziazio horren ondoren hasi da beste bost pertsonen aurkako epaiketa. Fiskaltzaren lekukoen deklarazioetan nabarmenak izan dira Ertzainen arteko kontraesanak. Hala, batek obragunean sartzeko manifestariek metalezko hesia gainditu zutela baieztatu duen artean, beste batek ez hesirik ez eta obra zonaldera sartzea eragozten zuen inolako seinalizaziorik ez zegoela onartu du.
Era berean, polizia batek beren jokabide bortitza inguruan zegoen makinaria babestearren justifikatu nahi izan duen artean, besteek ordea, han ez makinarik ez eta inongo instalakuntzarik ez zegoela esan dute. Bestalde, Ertzain batek polizia buruak megafonoz ingurua desalojatzeko agindu zuela baieztatu duen bitartean, polizia buruak berak ukatu egin du inongo megafonorik zeramanik.
Jarraian, Ertzainek indarra eta istiluen aurkako materiala erabili zutela onartu dute manifestariek eserialdia egin nahi izan zuten AHTren plataforma desalojatzeko. Baita, horren ondotik karga polizial horiek gertatu ziren lekutik hainbat kilometrotara atxilotu zituztela auzipetuetako batzuk, horretarako manifestari hauek agertzen zituzten ubeldurak eta zauriak zantzutzat hartuz.
Defentsaren lekukoek egun hartan eman ziren iskanbila eta desordenu publiko bakarrak Ertzaintzak berak sortutakoak izan zirela adierazi dute, guztiz baketsua zen ekimen baten kontra bortizki erasotuz.
Datorren urriaren 14an goizeko 9:00etatik aurrera berriro ere auzipetuei sostengua adierazteko eta AHTren aurkako borrokaren aldeko elkarretaratzea burutuko da epaitegiaren aurrean.