viernes, 20 de enero de 2012

Laudioko alkateak eta Udal Gobernuak elkartasuna adierazi diete Aiaraldekoa 17 auzipetuei

gara.net

Natxo Urkixo alkateak eta Bilduren Gobernu Taldeak datorren astelehenetik aurrera Madrilgo Entzutegi Nazionalean epaituko dituzten 17 laudioar eta 2 amurrioarrei eta beraien senideei elkartasuna agertu diete.
Gogoratu dutenez, 2003an eman zen lehenengo aldiz Laudion udal hauteskunde batzuetan ilegalazioa eta ordura arte alkate izandako Pablo Gorostiagari agurra egin eta egoera horrekiko desadostasuna agertzera berrehun auzokide inguru bertaratu ziren, folio eta txilibituekin.
PPk ezarritako salaketa bat medio, 9 urte beranduago, bertan gertatutakoak dira orain epaituko dituztenak. Madrilgo Entzutegi Nazionalak auzia bere garaian aztertu ostean kasua ez epaitzea ebatzi zuen, baina orain Entzutegi Gorenaren eskariz bigarren aldiz aztertuko du auzia.

Laudioko Gobernu Taldeak PPk aurkeztutako frogak eta fiskaltzak zein akusazio partikularrak auzipetutakoen kontra aurkeztutako salaketak ikusteko aukera izan duela adierzi du eta gertatutakoarekin bat ez datozela ondorioztatu du.
Era berean, 18.000 biztanleko herri baten gertaera horiengatik 19 auzokidek espetxeratzeko arriskua izatea (bakoitzak 3-6 urte bitarteko eskaera du) "astakeria galanta" eta erabat "neurrigabea" dela iruditzen salatu dute.
Egoera honen aurrean auziperatuen lagun zein senideek biharko antolatu duten Elkartasun Egunarekin bat egiten dutela adierazi dute eta herritarrei eskatu diete eguerdiko 12.00etan herriko plazan aterako duten elkartasun argazkian parte hartzeko.
Aldi berean, 14.00etan Aretan egingo duten herri bazkarian zein 19.00etan herriko plazatik burutuko den manifestazioan parte hartzeko gonbitea luzatu dute.