lunes, 21 de noviembre de 2011

Aiarako indepententzia eguna azaroak 26ean

aiaraldea.com
Aiaraldeko gazte independentisten oharra:
Ukatzen zaizkigun eskubideak izateko gazteriak independentzia ezinbestekoa du. Gaur egungo gizarte sistemak gazteon buruak sokaz lotuta ditu. Hezkuntza sistemaren ondorioz euskara, Euskal Herria zein Euskal Herrian ikastea ukatzen zaigu. Urriak 12, 25 eta abenduak 6 bezalako jaiek eskola egutegi eta naziotasun arrotz bat inposatu eta Euskal Herria ezabatzea dute helburu. Gazteak kale gorrian gauden bitartean, Aiaraldean 1000 etxebizitza huts daude. Proiektu txikitzaileek Aiaraldeko lurrak lurperatzen dituzte. Laudio eta Orozko inguruetan parke eolikoa jartzeko Ganekogorta mendia suntsitzera doaz. Trenak, abiadura handiegia hartu du.
Independentzia helmuga duen bidaia luzea dela badakigu, baina bidea hasia dugu eta eguna heldu arte ez dugu etsiko.
Lotuta gaituen soka askatzeko milaka arrazoi ditugu. Emakume zein gizon, lanean, kalean zein etxean aske izan nahi dugu. Gazteria konprometitu, kritiko eta iraultzailea. Krisi eta miseriatik harago, Euskal Herria burujabe eta beste eredu sozial eta ekonomiko bat izateko ezinbestekoa da independentzia. Gazte indarraz, lantegiak, ikastetxeak, gaztetxeak, kaleak, tabernak zein sareak irauli ditzazkegu. Iraultza norberaren baitan hasten da!
Horregatik, Aiaraldeko gazte independentistek Independentzia Eguna antolatu dugu azaroaren 26an Urduñan. “Gazte jaiki independentzia eraiki!” lemapean ontziaren lema arteztera goaz. Apurtu arte musika taldeak egindako “gazte jaiki” kanta kasu, Aiaraldeko gazteria independentzian ontziratu eta munduari bira ematera goaz!
Horretarako, egun osorako egitarauaprestatu dugu.
  • 11:00etan, “ikasle-irakasle” mahai-inguruetan hezkuntza, aisialdia, langileria eta ekologismoa izango ditugu ardatz. Izen ematea bertan egingo da.
  • 13:00etan, hasiera ekitaldia egingo da Urduñako kioskoan eta ondoren, Kun-kun batukadarekin abiatuko da poteo independentista.
  • Eguerdian, Herri bazkaria egongo da. Tiketak Urduñako Mugalde, Amurrioko Txokogorri eta Laudioko Ilargi tabernetan egongo dira salgai 10 eurotan. Bazkariarekin batera, baina, Aiarako Independentzia Eguneko kamiseta banatuko dugu.
  • Bazkalostean, bertso-hop emanaldia egongo da.
  • 18:00etan, aldiz, Independentziaren bila jokoari ekingo diogu.
  • 20:00etan, manifestazioa abiatuko da herriko plazatik eta ondoren, ekitaldia egingo dugu.
  • Jarraian, independentziaren aldeko argazki herrikoia aterako dugu.
  • Eta egunarekin amaitzeko Apurtu Arte, Iheskide eta Honat erromeriaren kontzertuak egongo dira karpan.
Independentzia ez da egun bateko jai eta lana. Euskal gazteriak norabide eta konpromiso zuzena hartu du. Gazteok herri hau egoera demokratiko batean bizi dadin zeregin handia dugu. Beraz, ikasle, langile, emakume, gazte… jaiki eta independentzia eraiki! Antolakuntzaz eta borrokaz lortuko dugu!