lunes, 15 de noviembre de 2010

Munipak Auzotik kanpora!

gasteizkogaztetxea.org
Gasteizko Gaztetxearen Komunikatua:
Pasa den asteko ostiralean, Europako Hiriburu Berdearen izendapena ospatzeko asmoz, Udaltzaingoak Gasteizko Gaztetxean sartzea erabaki zuen. Gaueko 00.15ak aldera, Udaltzaingoak Udaletxeko Ingurumen Sailerako egin behar duen “txosten” baten aitzakiarekin, bi polizia-agente sartu ziren oldarka Muinoko Etxean eskuetan kamera bat zutelarik (gehi pistola zein porra bana, “kalez” jantzitako eskuadroi bat kanpoaldean, gehi munipa ‘espazialez’ beteriko furgoneta bi Falerina inguruan...). Aitzakia horrekin Gaztetxeko hainbat guneetako argazkiak atera zituzten inoren baimenik gabe.

Agenteek bertan egoteko arrazoiak eman ostean hasi ziren gure galderak, baina “buru”-ak asmakizunez beteriko eta momentuan bertan inprobisaturiko erantzunak baino ez zizkigun eskaini. Bere laguntzaileak, ongi hezitutako loro baten antzera. nagusiak esandakoa errepikatzen zuen behin eta berriz, nahiz eta batzuetan agerian zen bere nagusiaren jarrera harroak urduritzen zuela. Azkenik, bikotearen irudimena agortu egin zen, eta orduan soldatapeko txakurrek egiten duten moduan, bertan egotea betiko esaldiarekin justifikatu zuten: polizia naizenez gero, nahi dudana egin dezaket. Minutu batzuen ostean ospa egin zuten.

Politikoz, telebistaz, antzeztearen erregeez, etab. beterik dagoen Gasteiz honetan, zeinetan hori gutxi balitz poliziak harrotasun zein hantuste ikaragarriarekin jokatzen duen, ematen du udaletxeko “txosten” horretarako ilargiaren argipean harturiko Gaztetxeko argazkiak behar zituztela. Ez al da arraroa Udaletxe honek egiten dituen gauzak? ASKI DA! UTZI ITZAZUE PROBOKAZIOAK ALDE BATERA!

Poliziak ez du lekurik gizartean eta are gutxiago gure etxean. Baliteke kanpotik Gasteiz berdea izatea, bina barrutik, ustelduta jarraitzen du, eta horrela izango da politikoek nahi dutena egiten jarraitzen duten bitartean. Baina guk gurean jarraituko dugu, orain arte egin izan dugun modu berdinean, eta argi gera dadila ez dugula hau bezalako jarrera probokatzailerik onartuko!

Komisaldegirik ez!
Munipak auzotik kanpora!

2010eko Azaroaren 11an,
Gasteizko Gaztetxea