viernes, 26 de noviembre de 2010

Euskal presoen ikasteko eskubidea defendatu da Azken Asteazkenean

euskalherria.info
Hilabeteko Azken Asteazkenarekin bat eginez, euskal preso politikoen ikasteko eskubidearen aldeko ekimen desberdinak burutu dira Euskal Herriko campus eta fakultate anitzetan.

Kontzentrazio bana burutu dituzte Gasteiz (40), Ibaeta eta Leioako campusetan eta Bilboko Ingeniaritza Eskolan (25) eta Magisteritza Eskolan (35). Bitartean, Bilboko Ingeniari Teknikoen Eskolan (La Casilla) bihar burutuko dute kontzentrazioa.

Manifestua:

Euskal Herriko biztanleak eta Euskal Herriaren lagunak gara. Mendeetan auzolana, hizkuntza, duintasuna, konpromisoa, elkartasuna, lana eta sufrimenduaren bitartez landu dugun harria. Itxaropenaren aroan sartzea desiratzen duen herria da gurea. Bihotzean mina dugu ordea, gure senide, lagun eta herrikide diren euskal preso politikoek pairatzen duten eskubide urraketaren aurrean.

Euskal jendarteak eta nazioarteko hainbat erakundek hamarnaka aldiz deitoratu dute krudelkeria oinarri duen eta sofrikarioa besterik ez dakarren espetxe politika hau. Gure senide, lagun eta herrikide diren euskal presoen eskubideekin nahi erara jolasten dute. Hala juzkatzen dugu frantziar zein espainiar Estatuek aplikatzen duten sakabanaketa politika; gaixotasun larriak dituzten presoak gatibu mantentzea; bizitza osoko espetxe zigorra; 3/4ak beteta dituzten presoak kartzelean mantentzea; isolamendua; bakartzea; aurrez aurreko bisitetan jasan beharreko tratu umiliagarria, elkartasunaren kriminalizazioa eta abar. Zalantzarik gabe, beren beregi eraikitako kartzela sistema ankerrena. Gizabanakoa suntsitu eta euskal jendartea bete-betean kolpatzeko ahalegina. Zitalkeria andana hori ote herri bat justiziazko bakera eraman dezakeen bidea? Euskal Herriaren gehiengo zabalak ezetz dio.

Horregatik, nahikoa dela esaten dugu. Euskal Herria aro berri baten atarian dagoela sinisten dugu eta lehen premia larrizkoa izan dena, orain are gehiago; gure senideen zein gure egoeran berehalako aldaketak eragitea ezinbestekoa iruditzen zaigu: Sakabanaketarekin amaitzea, gaixotasun larriak dituztenen kaleratzea, bizi guztiko kartzela zigorra bertan behera geratzea eta espetxe barruan ematen diren hainbat eskubide urrakerarekin bukatzea. Orain arte egin dugun gisara, nekatu gabe eta hala egingo den arte, euskal preso politikoak eta euren senideen bizitzak inpunitate osoz egunero erruleta zital eta krudelean ezartzen dituen espetxe politika horrekin amaitu behar dela aldarrikatzen dugu. Edozein demokraziaren oinarri oinarrizko beteharrak liratekenak baino ez ditugu eskatzen. Justiziazko eta bakezko aro beharko lukeenari arnasa emango dioten neurriak. Alderantzizkoak, egoera honek alegia, balizko aro berri bati arnasa ukatzen baitio.

Hortaz, berriz ere, eta azken aldia izan beharko litzatekeenaren ustearekin, zuregana jotzen dugu. Espetxe politika honen sufrimendu gain-zama buka dadin laguntza eskatzen dizugu. Guztion esku dagoelako egoera hau aldatzea. Herritar orori dagokigun betebeharra dela uste dugulako. Euskal preso politikoen eskubideen defentsa, herritar ororen eskubideen defentsa ere badelako. Espetxe politika honen amaierak, aro berri baten hasera ekar dezan. Demokrazia nahi dugulako. Nahikoa delako. Herri honek sufrimenduzko eta bidegabekeriazko aro hau atzean utzi eta bere bidean aurrera egin nahi duelako, datorren urtarrilaren 8an, “Euskal Presoak Euskal Herrira eskubide guztiekin, EGIN DEZAGUN URRATSA” lelopean manifestazio nazionala egingo dugu Bilbon.

IKASTEKO ESKUBIDEAREKIN, EUSKAL PRESOAK EUSKAL HERRIRA!