martes, 23 de noviembre de 2010

Gure da hitza, gure eskuetan da parkearen etorkizuna

Prentsaurreko honen helburua Urriaren 29an Gasteizko Udal Plenoan eztabaidaturiko mozioaren inguruko balorazioa da. Eta honen ondorioz hemendik aurrera Lakua-Arriaga Auzoko bizilagunek harturiko erabakia ezagutzera ematea.

Dakizuenez Arriaga Parkean bere lehengo fasean autobus geltokia eraiki nahi dute. Azken honek hemen du bere kokapena bigarren fasean tren geltokiaren eta AHT-aren luperatzearen kokapena Arriaga Parkean egokitua dutelako. Proiektu honek sortuko duen sarraskia itzela da, %30ekoa baino gehiago izan litekeena. Eta konkretuki auzoko bizilagun batzuk pasa den hilabetean kaltetua izango den zonaldearen mugapena adierazi zuten parkearen prezintatzearekin. Guk auzo honetako bizilagunok argi eta garbi daukagu Proiektu honek Gasteiz osoan eragingo duela, azken batean Hiri Proiektua baita.

SOS Arriaga plataformak pasa den ikasturtean Gasteiz mailan Hiri Kontsulta bat egitea eskatu zuen baina ezezkoa jaso zuen udal gobernuaren partetik. Beraz, pasa den urriaren 29an askoz marko txikiagoan eta proiektu honek eragin haundia eta zuzena izango duen auzoan herri kontsulta egitea eskatu zitzaion Gasteizko Udalari, honetan ere ezezkoa jasoz.

Beraz, Urriaren 29an Gasteizko plenoan Arriaga Parkearen eta honetan eraiki nahi diren autobus eta tren geltokien, zein trenaren lurperatzearen proiektuaren inguruan eztabaidatu zen mozioaren inguruan, lotsagarritzat jotzen dugu bai PNVk bai PSOEk izandako jarrera. Lotsagarria eta iraingarria Gasteiztar herritarrengan herritar partaidetza ukatzeagatik. Zergatik ez duzue herriaren hitza entzun nahi? Zeren beldur zarete?

Ukatze honen ondorioz, Gasteizko Udalak ez bezala guk Herri Kontsultarako Lakua-Arriaga Auzo Batzordea osatzen dugunok datorren otsailaren 20an Herri Kontsultaren bitartez herriari hitza emango diogu. Gure ustez hain garrantzi handiko proiektu batek eta hain eztabaidatua izaten ari den Proiektu batek herriaren hitza ezagutzea beharrezkoa duelako. Otsailaren 20an Herri Kontsulta honetan Gasteiztar guztioi parte hartzera gonbidatzen zaituztegu, konkretuki Lakua-Arriagako bizilagunei. Gure da hitza, gure eskuetan da parkearen etorkizuna.

Arestian esandakoari gehitu behar diogu udalak, Arriaga auzoa inolako babesik gabe uzteaz gain, aste honetan bertan parkearen barruan egindako “kata” probek suposatzen duten desafio horren aurrean, “Lakua-Arriagako Herri-Kontsultarako Auzo-Batzordeak” jakitera ematen du 2011ko otsailaren 20an auzoan bertan egingo duela Herri-Kontsulta bat. Bertan, gure parkea arrisku bizian jartzen duten autobus eta AHT trenaren geltokien eraikuntzaren aurrean, auzotar guztiek haien iritzia emateko aukera izango dute. Kontsulta-galdera honako hau izango da:

ARRIAGA-PARKEA OSO-OSORIK ERRESPETA DADIN NAHI DUZU?

Iragarri nahi dugu baita Kontsulta egun horretan hautestontzi ezberdinak jarriko ditugula ere, Gasteizko beste edozein auzotatik parkearen defentsan botoa ematera etorri nahi duen guztiarentzat, parkea Gasteiztar guztiona baita.

Kontsulta horretarako jendea animatzeko eta prestatzeko ekitaldi mordo bat egiteko asmoa dugu, bide batez, parkeari diogun begirune handia eta harekiko atxikimendua adierazteko, eta, batez ere, parkearen %32 baino gehiagoko suntsiketa-plana biziki salatzeko.

Hona hemen motorrak berotzen hasteko prestatu ditugun ekintzen zerrendatxoa:

GIZA-KATEA KANDELEKIN

Azaroaren 25ean arratsaldeko 7,30etan Voluntaria Entregako tranbiaren geralekuan.

AMERIKA LATINAN ELKARTERATZEA

Larunbatero eguerdiko 12:00etan azaroaren 27tik aurrera

Hemendik otsailaren 20ra arte, Kontsulta egunera arte, hurrengo ekitaldi hauek antolatuko ditugu auzoan: txokolatadak, informaziorako mahaiak, etxe-atari eta buzoietan informazio-txartelak, herri-maratoia, lapiko-hotsak, argi-itzaltzeak, hitzaldiak, asanbladak, eta, azkenik, aldez aurretik jakitera emango diren bestelako ekintzak.

Lakua-Arriagako Herri-Kontsultarako Auzo-Batzordeak argi utzi nahi du zuongan auzotar guztiongan duen konfiantza osoa honako gai hauei BAI ESATEKO: BAI aisialdirako egokitutako hiriko parkerik preziatuenari. BAI ume, heldu eta nagusioi parkeak ematen digun bizi-kalitateari. BAI bete-betean eragiten diguten erabakietan parte hartzeari. Eta BAI borobila esaten jarraituko dugu beti, udalak handik eta hemendik EZ eta EZ diharduen bitartean desinformazioaz, iruzurraz eta gezur ustelez baliatuz, eta, hori guztia gutxi balitz, auzotar guztionganako begirune eza itzela erakutsiz.

Hori guztia kontuan hartuta, LAKUA ARRIAGAKO HERRI-KONTSULTARAKO AUZO-BATZORDEAK auzotar eta mugimendu sozial eta politiko guztioi honako dei hau egiten dizue: “PARKEA EZ UKITU” lemapean egingo den Kontsulta horrek, boto-uholde erraldoi baten gisan, suntsi dezala Gasteizko udalak lasai asko aurrera daraman bidegabekeria harroskoa.