lunes, 6 de febrero de 2012

O-9 | Gasteizko Ikasle Abertzaleek lanuzteekin bat egingo dute

gazteiraultza.info

GASTEIZKO IKASLE ABERTZALEAK-EN OHARRA:

Murrizketarik ez! Kapitalismorik ERE EZ!!! Iraultza garaia da!
Gutxi batzuen aberastea gainontzeko guztien kontura. Hori da sistema honen oinarri funtsezkoena, hori da kapitalismoaren historian zehar eta modu ezberdinetan gertatu izan dena, eta oraindik ere etengabe gertatzen ari dena. Prozesu hori denbora guztian gertatzen den arren, batzuetan azkarragoa da eta beste batzuetan motelagoa. Ongizate estatuaren sorrerarekin batera zerbitzu publikoak garatu ziren, eta jendartearen bizi maila asko igo zen. Sistema berdina izan arren, gutxiengo baten aberaste prozesua nabarmen moteldu zen, eta produkzio etekinetan baino, finantzen kasinoaren eta espekulazioaren bidez gertatu izan dira ordutik aberastasunen pilaketa nabarmenenak. Hala ere, espekulazioan oinarritutako ekonomia ez da sostenugarria, eta hortik dator “krisi” hau.
Aipatu bezala, krisia egotea edo ez egoteak ez du gutxi batzuk aberastasunak pilatzeko prozesua eteten, are gehiago, krisiaren aitzakiak pilaketa horren abiadura asko azkartzen du, publikoak diren zerbitzu asko eta asko pribatu bihurtzeko erabiltzen dutelako. Horrela, oinarrizkoak diren osasuna, hezkuntza, kultura… haiek kontrolatzen duten merkatuan txertatzen dituzte, eta euren interesak asetzeko erabiltzen dituzte. Hezkuntzari dagokionez alde batetik unibertsitateak “merkaturako ikerketa eta beharrezko langile espezializatuak sortzeko” balio dezan aldaketak eragiten dituzte Bologna eta EU2015 bidez, eta bestetik ikastetxeetan irakasleak kaleratu, soldatak jaitsi, ordezkapenak gutxitu, materialari diru laguntzak murriztu, Lanbide Heziketetako praktiketako dirulaguntzak kendu, Fakultate batzuetako karrerak kendu… egiten dute.
Horrela, alde batetik hezkuntzak merkatuaren interesen arabera (gutxi horien interesak asetzen dituen merkatua) funtzionatzea bilatzen dute; eta bestetik, hezkuntzaren kalitatea nabarmen okertuz, baliabide gutxiko ikasleak orain arte bere gaitasunen arabera burutu ahal zuen hezkuntza prozesua burutu ahal izatea ekiditzen dute. Hau da: gizartea sailkatzen duten klaseak familiaren aberastasunaren arabera mantentzen dira, baliabide gehien dituztenek bakarrik lortuko baitute adibidez master bat atera eta soldata handia izatea.
Sistema kapitalistak, bizirauteko, finantza mota berria ezarri nahi du, eta horretarako jendeak horretan ez pentsatu eta bere buruan soilik erreparatzea nahi dute. Horregatik langabezi handiarekin edonor poztuko da lan prekario batekin, edo hezkuntza pribatu izatean ikasleak euren artean lehiatzen ibiliko dira, beka nork eskuratuko ote duen zain.
Guzti honen aurrean ikasleok argi izan behar dugu ez dugula inolaz ere kapitalismoaren norabide berri hau, eta hezkuntzari ezarri nahi dion funtzioa onartuko. Baina ezta ere orain arte izan duena: Murrizketei ez eta kapitalismoari ere ez! Horregatik OTSAILAK 9 ostegunean deituriko lanuzteekin bat egiten dugu Ikasle Abertzaleok, eta ikasleriari kalera ateratzeko deia luzatzen diogu.
Gelditu behar ditugu, bai, baina behin hori lortuta, gutxi batzuk beste guztion kontura aberasteko diseinatua dagoen sistema hau irauli behar dugu.
Borroka garaia da, iraultza garaia da!
GORA IKASLERIA!