miércoles, 30 de noviembre de 2011

Urtarrilaren 7an bisitarik burutu ez eta komertzio eta aktibitate oro eteteko gonbita egiten dugu

etxerat.info

Etxerat elkarteak Estibalizko Santutegian burututako XI. Batzar Nazionalaren ostean, prentsa agerraldia eskaini du, non urtarrilaren 7an Bilbon burutuko den Herri Mobilizazioarekin bat egin duen, egun horretan senideek bisitariki ez dutela burutuko iragarri eta komertzio oro isteko gonbita luzatu du Etxerat elkarteak.
Oihana Lizaso (Etxerat elkarteko kidea):
Etxerat Elkarteak bere XI. Batzar Nazionala burutu du gaur Estibalitzeko Santutegian. Espetxe politika eta gure senide eta lagunek pairatu behar duten deserriaren ondorioak sufritzen dugun pertsonen arteko elkarlana sustatzeko ezinbesteko zita da Etxerat Elkartearen Batzar Nazionala.
Etxerat Elkartearen Batzar Nazionalak gainera, aurrera begirako lan ildo eta eginbeharrak markatzeko beta ezin hobea eskaintzeko. Gure konpromisoa argia da, euskal jendartearen gehiengo sozial, politiko eta sindikalarekin batera lan egingo dugu pertsona guztien eskubide guztiak errespetatuak izango diren eszenatoki bat eraikitzeko. Hau da, konponbide demokratiko eta integratzaile bati ateak parez pare zabalduko dion eszenaokia. Hau da, preso, errefuxiatu, deportatu eta iheslaririk gabeko eszenatoki demokratikoa.
Datorren urtarrilaren 7an ardatz hauek berretsiko ditugu. Izan ere, Etxerat Elkarteak bere atxikimendua ematen baitio Egin Dezagun Bidea ekimenak urtarrilaren 7an Bilbon deitu duen Herri Mobilizazio Orokorrari.
Horrekin batera, asteburu horretan Espainiar eta Frantziar Estatuan, Belgikan, Ingalaterran, Irlandan, Mexikon edo Portugaleko espetxetan aurreikusita genituen bisitak burutuko ez ditugula iragartzen dugu.
Gure erabaki propioa da eta arrazoi garbi batengatik egiten dugu: Urtarrilaren 7an Bilbon gure senide eta lagun preso eta iheslarien eskubideen alde burutuko den Herri Mobilizazio Orokorrean parte hartzeko. Sinistuta gaude Herri Mobilizazio Orokorrak kolosala izan behar duela. Eta, ziur gaude, hala izango dela.
Hortaz, euskal jendarte osoari urtarrilak 7ko Herri Mobilizazio Orokorrean parte hartzeko dei egiten dugu. Hitzordu historikoa behar du, hito bat markatu behar dugu. Horiek horrela, Herri Mobilizazioaren orduan komertzioak eta dendak ixtera eta aurreikusita dauden kultura, kirol eta bestelako jarduerak bertan behera uzteko gonbitea luzatzen diogu euskal jendartea. Denok egon behar dugu Bilbon, guztiontzako lekua egongo da. Euskal jendartearen gehiengo handi batek Bilbo kaleetan bat egingo du.
Ziur gaude datorren urtarrilak 7ko Herri Mobilizazio Orokorra Euskal Herrian buruten den martxarik erraldoi eta parte hartzaileenetarikoa izango dela. Euskal preso eta iheslari politikoen eskubideen alde gauden guzti-guztion topagunea izango da.