miércoles, 16 de noviembre de 2011

AZ 16-17 Itxialdia burutuko dute Gasteizko kanpusean

gazteiraultza.info

GASTEIZKO KANPUSEKO IKASLEEN OHARRA:
EHUko Gasteizko Kanpuseko ikasle mugimenduko kideok, azaroak 17an Ikasleon Nazioarteko Eguna ospatzeko egitarau zabal bat antolatu dugu.
Lehenik eta behin, komenigarria ikusten dugu egun honen sorreraren gainean azalpenak ematea. 1939an, Pragan naziek burututako sarraskia gogoratu nahi izaten da. Guztia, Txekoslovakia okupatzen zuten indar naziek Jan Opletal erailtzearekin hasi zen. Ikasleek, manifestazio bat bat burutu zuten hau salatzeko, eta naziek bortizki erreprimitu zuten, 9 ikasle ordezkari hil eta 1200 kontzentrazio esparruetara bidaliz.
Gertakari ilun hau gogoratzeko helburuarekin, 1941ean Nazioarteko Ikasle Kontseiluak egun hau Ikasleen Nazioarteko Eguna izendatu zuen.
Gaur egunera arte, data honetan hainbat ekimen burutu dira mundu osoan zehar. Horrela, 1973an Atenasko Unibertsitate Politeknikoko ikasleak Greziako Junta Militarraren aurka altxatu ziren, diktadura horren amaiera ekarriz. Aipatu beharra dago Grezian, gaur egun, jai egun ofiziala dela azaroak 17a.
Euskal Herrian berriz, egun hau 1989tik aurrera urtero ospatu izan da, non lehen aldiz Ikasle Abertzaleak-ek deitu zuen, nahiz eta urteak aurrera hainbat eragile eta talde batu diren egun hau gogoratzeko. 2000. urtetik aurrera, ekintza hauek gero eta garrantzia handiagoa hartzen joan dira.
Gure kasuan, egun honetan burutuko dugun programazioa zabala eta ikasle guztiei irekia izango da. Egunaren helburua, ikasleen arteko elkar-ezagutza sustatzea eta nazioartean burutzen ari diren borroka ezberdinen berri izan eta hausnartzea izango da.
Goizean goiz hasiko dira ekimenak. Goizeko 11etan Kanpusa osatzen duten Fakultateetan hainbat ekimen antolatu dira bertako ikasleen borroka propioak lantzeko asmoz, hala nola, asanblada irekiak, parodiak… Bazkal ostean, 16:30etan, itxialdiaren harrera egingo dugu Letren Fakultatean, itxialdiaren kutsu kolektiboa azpimarratzeko. Horrela, 17:00etan Kanpus mailako eragile ezberdinok egun honi zuzendutako tailerrak dinamizatuko ditugu.
Itxialdiari izaera internazionalista emateko, iluntzean, munduko hainbat ikasle mugimenduren inguruko mahai inguruak burutuko dira. Hala, gaur egun Erasmus edota beste programen bidez nazioartean aurkitzen diren ikasleei esker, herrialde ezberdinetako ikasleen borroken berri izango dugu itxialdian parte hartuko dugun ikasleok. Era berean, itxialdian zehar, beste herrialdeetako ikasleei elkartasuna adierazi asmoz, gure errealitatea erakusten saiatuko gara.
Gauean, itxialdian gauden ikasleok afari internazionalistaz gozatzeko aukera izango dugu, egunari amaiera emateko, Sagarren denbora filma ikusi ahal izango dugularik.
Hurrengo goizean, azaroaren 17an, Ikasleon Nazioarteko Egunean, goizeko 9etan pankarta tailerrari hasiera emango diogu, itxialdian zehar pilatutako ideiak islatzeko. 10:30etan Letren Fakultatetik hasita Kanpus osoa zeharkatuko duen manifestazioa deitu du Kanpuseko ikasle mugimenduak. Azkenik, 11etan itxialdia borobilduko duen ekitaldia ospatuko da Letren Fakultatean.