martes, 8 de enero de 2013

Babesa adierazi diete presoen aldeko kalejiran parte hartzeagatik deklaratu behar duten pertsonei

gazteiraultza.info

Gasteizko Auzolana Pilotalekuan izandako agerraldian, eta jende kopuru handi baten babesarekin, Zaharraz Harro!ko kideek bere lanean jarraituko dutela berretsi dute. Era berean, hamaika inputatuei ere babesa eskaini zaie, eta Auzitegi Nazionalaren jarrera salatu dute. Hamaika pertsona hauek ez ezik, kalejiraren bideoa Youtubera igo zuen pertsonaren datuen bila ere dabiltzate Madrilen, eta oraindik jende gehiago izan daitezke deklaratzera deituak. Inputatuen artean ere Debako Elektrotxarangaren abeslaria aurkitzen da. Gaurko agerraldiaz aparte, urtarrilaren 8an Madrilera joateko autobusa antolatu da, inputatuekin batera. Kutxi kaleko Aranba tabernan apuntatu behar da.

AGERRALDIAN IRAKURRITAKO TESTUA
Iragan uztailean Alde Zaharreko Zaharraz Harro! jai herrikoiak ospatu genituen. Giro bikainean eta inoizko parte hartzerik handienarekin, orain lau urte txiki-txiki erditu genuena kozkortzen joan baita urtez urte. Zaharraz Harro! joan zen, eta bostgarren edizioan elkar ikusteko gogoz agurtu ginen denak.
Orain bi aste, komunikabideen filtrazio baten bidez, Madrileko Auzitegi Nazionalean idatzitako auto baten berri izan genuen. Gure harridura eta haserrerako, Zaharraz Harro!ren egitarauaren barnean auzoko preso eta iheslarien senideak omentzeko ekitaldian parte hartzeagatik hamaika pertsona Madrilera deklaratzera deituak izan ziren, preso eta iheslari horien senideak eta lagun-minak hain zuzen ere, “terrorismoari gorazarre” egitearren prozedura penala zabaldu behar den edo ez erabaki dezen Pablo Ruzek. Are gehiago: epaileak parte hartzaile gehiago identifikatzeko eskatzen du autoan, berdin ekitaldiaren bideoa interneten eta Zaharraz Harro!ren webgunean eskegi zituenak, baita Zaharraz Harro!ren “arduradunak” ere, Barrenkale Auzo Elkartearen inguruko informazioa… Autoak beraz, zuzenean edo zeharka, gauza ezberdin asko erasotzen ditu: presoen eta senideen eskubideak, guztion eskubide zibil eta politikoak, Zaharraz Harro!ren jai eredua eta abar. Eraso horiei erantzuteko antolatu dugu auzo mailako agerraldi hau.
Lehenik eta behin, gure elkartasuna eta berotasuna adierazi nahi diegu deklaratzera deituak izan diren hamaika pertsonei. Baita aurrerantzean zitatuak izateko arriskuan diren beste guztiei ere. Zuekin gaude, eta zuekin batera jaitsiko gara Madrilera, denok elkarrekin autobusean, urtarrilaren 8an.
Epaitua izan daitekeen ekitaldia, ustezko delitua bera defendatu nahi dugu. Auzoko zenbait lagunek, auzoko beste zortzi kolektibo parte hartze zuzenarekin, mobilizazio alai eta jendetsua antolatu zuten. Alde Zaharreko preso eta iheslarien eskubideen defentsan ere, baina, modu berezian ete espresuki, beraien senideak omentzeko. Urte luzeetan zehar pairatu duten sufrimenduarekiko begirunez eta aitortza gisara. Esaterako, legedia urratuz presoak sakabanatuta mantentzearen ondorioz, astebururo errepidean milaka kilometro egin behar izateagatik, bizitzak arriskuan jarriz.
Baina Auzitegi Nazionaletik datorkigun erasoa, preso eta senideenganako elkartasun ekimenen kontrakoa ez ezik guztion kontrakoa ere bada, guztionak diren oinarrizko eskubide zibil eta politikoen aurka doan heinean. Adierazpen edo elkarretaratze eskubideen aurka esaterako. Gure auzokideak oinarrizko eskubideak praktikatzeagatik epaituak izateko arriskuan daude, izateko arriskuan gaude, Nazio Batuen Erakundeak berak kritikatu duen salbuespen legedi baten pean, salbuespen epaitegi batean. Oinarrizko eskubide zibil eta politikoen defentsan bat egiten dugu guztiok, gutako bakoitzak eskubide horiek nahi duenaren alde edo kontra erabili ditzan.
Auzitegi Nazionalaren autoak auzoko herri mugimendu osoari eta Zaharraz Harro!ren jai ereduari erasotzen die azkenik. Bere jaiotzatik hiru oinarri izan ditu Zaharraz Harro!k: auzo harrotasuna aldarrikatzea, jaia eta aldarrikapena uztartzea eta dena modu parte hartzaile eta autogestionatuan egitea, auzoarentzako auzoak auzotik egina. Antolatu eta parte hartzeko deia daZaharraz Harro! “Arduradunik” ez duen asanblada ireki antolatzailearen lanik garrantzitsuena kolektibo, auzokide, taberna eta merkatariei uztaileko lehen astean zehar auzoari begirako zer edo zer antolatzeko gonbitea helaraztea da, asanbladaren konpromisoa aldiz, antolatutakoari erraztasunak eta oihartzuna ematea. Filosofia honi helduz gozatu genituen iaz 70 jarduera baino gehiago musu-truk, dei honi erantzunez antolatu zuten zenbait auzokide solidariok auzoko euskal errepresaliatu politikoen senideen omenezko ekitaldia. Eskerrik asko parte hartzeagatik.
Zoritxarrez, Madrileko epaitegietan berean diraute, zigorrean eta mendekuan. Zorionez, mehatxuen gainetik eta aho batez, guk gurean jarraitzeko asmoan berresten gara. Batzuk, presoen eskubideen alde lan egiten, beste batzuk jai herrikoiak sustatzen, guztiok oinarrizko eskubideen aurkako erasoen aurrean elkartasuna ehuntzen. Errepresaliaturik gabeko auzo alai, borrokalari, jai zale eta autoantolatu baten alde.
Elkartasuna ez da delitua! Alde Zaharra Bizirik!
Gasteizko Alde Zaharrean, 2013ko urtarrilaren 4an.