lunes, 2 de agosto de 2010

GASTEIZKO JAIAK, JAI HERRIKOIAK

Gasteizko jaiak hasteko astebete baino ez da falta. Hori dela eta, Blusa eta Nesken Batzordeak eta Txosnen Batzordeak prentsa agerraldi honen bidez gasteiztarrei eta instituzioei jai parte hartzaile arrakastatsu eta baketsuak izateko gure hausnarketa, proposamena eta gonbitea egin nahi diegu.
Blusa eta Nesken komisioa eta Txosnen batzordea, Gasteizko jai eta kultur eremuetan finkatuak eta erreferenteak garen bi kolektibo herrikoi gara. Azken hamarkadetan Gasteizko jaiei kontzertuak, giroa, antzerkiak, gastronomia, aldarrikapenak, kirola, kaleko musika… eskaini dizkiegu eta baita, Zeledon ospetsua eta nola ez Zeledon txiki eta Neska txikia ere. Gaur egun ezinezkoa litzateke imajinatzea jaiak, blusen, nesken eta txosnen parte hartzerik gabe. Bi batzordeak badira ,bertatik pasa diren milaka gasteiztarren lanari esker izan da. Zalantzarik gabe egun garena izan zirenek eta gaur egun garenok egindako lanaren emaitza da.
Aurten ere, ilusioz ekin diogu kolektibo sozial guztientzako jaien proiektuari. Inor baztertzen ez duten jaiak nahi ditugu, guztiok parte hartzen ditugunak, norberak ahal duen moduan. Gure jaiak besteetatik bereizten dituen izaera jostagarri eta originala izatea nahi dugu.
Gurea, parte hartzea eta aldarrikapena oinarritzat dituen jai proiektua izanik, kolektibo biok jaiak prestatu behar ditugunean instituzioek gehiegizko burokratizazioaren bidez antolatzen ditugun ekitaldi guztiak kontrolatzen dituzte. Eta batzutan, Batzorde biontzat objektiboak ez diren arrazoiak argudiatuz baztertu ere egiten dituzte ekitaldi batzuk.
Gasteizko jaiak ulertu daitezke Blusa eta neskarik gabe? Eta txosnarik gabe? Eta Blusak eta neskak izan al daitezke euren pankarta satirikorik gabe, jaietarako kontratatutako antzezle taldeak balira bezala? Txosnak izan al daitezke festa giroko errebindikazio sozialik gabekoak, hondartzako txiringitoak balira bezala? Ez, ezta?
Jaiak horrelakoak nahi ditugu, inor mindu edo baztertu gabe baina mihia ere bridatu gabe. Ez dugu Turismo bulego batetik kontratatutako feria itxurako jairik nahi.
Honen harira, gogoratu behar ditugu, iaz Gasteizen gertatutakoak, Blusa eta neska koadrila bati pankarta kendu izana eta antidisturbioak goizero txosnetatik erronda egin izana, eta baita Bilbon gertatu zena ere edo aurten Sanferminetan gertatutakoak.
Zentzu honetan, aurreko igandean Uztailak 25, Santiago egunean, Blusa eta Nesken Batzordeak urtero Euskal Preso Politikoen senideei elkartasuna helarazteko antolatzen dugun ekitaldian, Ertzaintzak eskubide zanpaketa berri bat burutu zuen. Antidisturbio brigadak Foru Enparantza inguratu eta 3 pertsona identifikatu eta terrorismoaren apologia leporatu zien, horien artean egun Blusa eta Nesken Batzordeko lehendakaria dena. Gertaera honek Euskal Preso Politikoen senideen aldeko elkartasuna kriminalizatzeko bidean beste pausu bat da eta aldi berean Batzorde guztiaren kontrako eraso bat bezala hartzen dugu.
Gertakari hauen aurrean Blusa eta neska eta Txosnen Batzordeok honako hau adierazi nahi dugu.
Batetik, 2010eko Gasteizko Jaiak bakean disfrutatu nahi ditugula, Gasteiztar guztionak izatea nahi dugula, eta benetako jai herrikoiak izan daitezen gure esku dagoen guztia egingo dugula. Konpromiso bera eskatzen diegu instituzio guztiei, eta jakinarazi nahi diegu ere, ez gaudela prest jaietan adierazpen askatasunaren aurkako erasorik onartzen jarraitzeko.
Bestetik, Gasteizko jaiak grisak, aspergarriak, gure hiriaren behar kulturalen ikuspegi bakar eta merkantilista duten batzuen kontrolpean izan ez daitezen Gasteiztar guztiok gonbidatu nahi ditugu Blusa eta neska koadrilok eta Txosnok antolatutako ekimen guztietara eta bereziki Blusa eta neskek abuztuaren 5ean Ikurrinari egingo dioten omenaldira eta Txosnek abuztuaren 6an ospatuko duten entxosnazio egunera. Jaietan egongo gara.
Gora Gasteizko Jaiak!!!
Blusa eta nesken Batzordea- Gasteizko Txosnen Batzordea.