lunes, 18 de febrero de 2013

Ya vale hostia!


GASTEIZKO GAZTETXEA

2012ko azaroaren 22an Ertzaintza Gasteizko Gaztetxean gaueko bostetan sartu, bertan zegoen jendea katxeatu eta tabernan eskegita genituen preso politikoen argazkiak eraman zituen. Baina hau ez da izan muinoko etxeak jasan izan duen azkenengo erasoa; izan ere, urtarrilaren 25ean arratsaldeko seirak inguruan agertu egin ziren berriro polizia autonomikoa aurretik aipatu ditugun ekintzak errepikatuz: Gaztetxean zeudenak katxeatu eta berriro ere euskal preso politikoen argazkiak eramanez. Hau guztia gutxi ez balitz, duela aste bat azaroan Gaztetxean katxeatu zituzten bi persona epailearengana joan behar izan dira testigantza uztera, terrorismoa goraipatzeagatik ikerketa bat ireki dutelako. Bi kasu hauek salatu ditugun arren, oraindik ez dugu Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko erantzunik jaso, oraindik ez dakigu noren aginduz sartu zen polizia Gaztetxean. Hauxe al da Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailburu berriak, Estefania Beltran de Herediak, nahi duen polizia? Akaso beldurtu nahi gaituzte?
Ba jai daukate! Gazteak gara eta egiten dugunaz harro sentitzen gara!
Horregatik, prentsaurreko honen bitartez polizak ekintza hauen aurrean izaten duen inpunitatea gogor salatu nahi dugu eta epailearen aurrean deklaratu behar izan duten gazteei gure babesa adierazi nahi diegu. Era berean, euskal preso politikoenganako elkartasuna adierazten jarraituko dugula argi utzi nahi dugu.
Polizia Gasteizko Gaztetxetik kanpora!

GAZTE MUGIMENDUA

Gasteizko Gaztetxearen kontrako eraso hau, Araban eta Euskal Herrian gazteriak bizi duen jazarpenaren adibide bat baino ez da. Azken hilabeteetako adibideak ugariak eta askotarikoak dira: Epaiketak Entzutegi Nazionalean presoen eskubideak aldarrikatzeagatik; hamarnaka pertsona inputatuak edo deklaratzera deituak arrazoi berberengatik; Oreretako lau gazteren kartzelaratzea beraien militantzia politikoaren ondorioz; beste 15 gazte donostiar espetxeratuak izateko arriskuan; gaur bertan epaiketa bat hasten da Madrilen Burlatako lau gazteren kontra, kartzela eskaera izugarriekin eta torturapean egindako adierazpenak dituztena oinarri; aste honetan ere beste bost gazteren aurkako epaiketa hain zuzen ere epaiketa hauen salaketa ekintza batengatik.

Egun, 20 gazte baino gehiago gaude Araban epaiketaren zain edo espetxeratze arriskuan, 12 urterarteko espetxe zigorra eskatzen zaigularik batzuei. Gainera kide ugari ditugu espetxean edo beren etxeetatik ihes egitera behartuak izan direnak. Honetaz aparte eguneroko ogi dira, jarraipenak, isunak, mehatxuak, jipoiak, etab
.
Eraso guzti hauekin etengabe sistema zalantzan jartzen duen gazteria errebelde eta antolatua kikildu nahi dute, ez dira pertsonen kontrako erasoak, gazteon kolektibo osoaren kontrakoak baizik.

Estatu frantsesa eta espainola, eta sistema kapitalista patriarkarra orokorrean, gazteon iraultzarako gaitasunaren beldur dira, horregatik kolpatzen dute gazteria antolatu borrokalari eta errebeldea, eraso hauetako bakoitza euren inpotentziaren adierazle bat baino ez delarik.
Baina azken urteotan nabaria da gazte arabarron borrokarako griña inoz baino handiagoa dela, eta errepresioaren bitartez ezin izango dutela kolektibo oso baten askatasun egarria eten.

PLAZARA!

Plazara!tik, aipatutako gertakariak bizi dugun oinarrizko eskubide zibil eta politikoen egiturazko ukazioaren erakusgarriak baino ez direla salatzen dugu beste behin ere. Azken hilabeteotan gazteriari eragiten ari diona modu berezian.

Terrorismoaren aurkako borrokaren izenean garatutako salbuespen legediak, nazioarteko hitzarmenetan jasotako oinarrizko eskubideak ukatzen dituena, indarrean jarraitzen du. Eta gure hirian ere eragiten du. Ez soilik Madriletik heldutako agindu moduan, baita Ertzaintzak edo Udaltzaingoak burutzen dituzten ekintza bortitzen bitartez ere. Inoren agindurik jarraitzeke, beraien ekimenez burutuak, eta prozesu judizialak ekarri ohi dizkietenak kaltetuei. Gasteizen bizitzen ari garena, administrazio eta gobernu ezberdinek disidentzia eta proiektu herritar alternatiboak zigortzen jarraitzen dutela erakusten digu.

Eraso hauek geldituko baditugu, antolakuntza, mobilizazioa eta herri presioa ezinbestekoak direla pentsatzen jarraitzen dugu. Galdutakoa berreskuratu beharra dugu, kalea eta gizartearen parte hartzea oinarri. Horretarako deitu dugu elkarretaratzea biharko, asteartea 19, arrtsaldeko 19.30etan Posta Plazaren aurrean. “YA VALE OSTIA: UTZI BAKEAN EUSKAL GAZTERIA” lelopean.

Leer más: http://www.arabakoherrira.org/news/ya-vale-hostia-/