martes, 25 de septiembre de 2012

«Euskal Herriko gazteria grebara!» (Xuban Nafarrate)

Dagoeneko lau urte pasa dira kapitalismoaren azkenengo krisi hau azaleratu zenetik, gure bizitza gazteetan ezagutu dugun gogorrena eta bortitzena. Ordutik, murrizketak eta erreformak baino ez ditugu jaso espainiar gobernutik, lehendakaritzak ez ikusiarena egiten zuen bitartean. Urteetan zehar BORROKATUZ irabazitako lan, osasun zein hezkuntza aurrerapenak ezerezean utzi dituzte. Ehundaka milen bizi-baldintzak suntsitu dituzte eta gazte askoren etorkizuna desegin. Krisiaren erruduna herria dela ikusiarazi nahi izan digute, gure ahalbideen gainetik bizi izan garela argudiatuz. Hori da helburua, gutxien daukagunek aberatsenek eragin duten krisi hau ordaintzea. Sistema ero eta HIPNOTIKOA, zeinetan dena dagoen bideratua herritarrek pentsatu gabe eta automatak moduan joka dezaten. Justizia sozial eta berdintasunik gabeko eredu ekonomiko bat, helburua etekin pertsonal gehien ateratzea delarik, ahulenak gizartetik baztertuz. Baina jakin eta ohikatu dezagun hau ez dela gure krisia, beraiena baizik, eta guk ez dugula zertan ordaindu beharrik.
Estatu espainiarrean era bitxian jo zuen krisi honek. AEB-etatik zetorren krisi finantzieroari, espainiar burbuila inmobiliarioa gehitu zitzaion, ezin dezakegularik ahaztu orain gobernuan dagoen alderdi zikin berak bultzatu zuela. Ordungo negozio ustelek milioika lagun utzi ditu kalean estatuan. Euskal Herria ere zaku horretan saiatu dira sartzen, baina jakin badakigu gertaerak beste era batean gauzatu direla hemen eta ezin dituztela Espainian ezarri dituzten neurri berdinak planteatu. Gure gurasoek izerdi, malko zein odolaren bidez eskuratu zituzten eskubideak saiatzen dira lapurtzen.
Ez zieten ezer oparitu, indarrez lortu behar izan zuten guk gaur ezagutzen dugun guztia; konpromezu, determinazio eta militantzia urte askoren ondoren. Madrilekin loturik mantendu gaituen katea beti izan da kaltegarria Euskal Herriarentzat, eta orain inoiz baino gehiago.
Beraz ATERA gaitezen itsasontzitik berarekin batera ondoratu baino lehen. Beste behin, gure gurasoek egin zuten moduan, borroka garaia da, gure seme-alabei gizartea, BEHINTZAT, guk ezagutu dugun moduan utzi diezaiegun. Hortaz, izan gaitezen eredu gure ondorengoentzat ere eta goazen guztiok kalera hurrengo IRAILAK 26an dena ematera, deseginez eraiki behar badugu ere.
Gobernu espainiarrak dena lotua eta ondo lotua dauka. Lehen aipaturikoa gutxi balitz, duela hilabete gutxi adostu zituzten lege faxista berriekin euren murrizketen kontrako edozein ekintza eta protesta zigortu edo erreprimitu nahi du inungo lotsarik gabe, ohituak gaituzten moduan. BELDURRAren politika, hori da ezarri nahi dutena. Baina ez dakitena da Euskal Herrian gazteria antolatu eta indartsu bati egin behar diotela aurre, GU geu garela gure etorkizunaren hautesleak, eta ez beraiek. Jakin dezatela ez daukagula beldurrik eta ez dugula atzera pausorik emango. Kontzientziak piztea orain inoiz baino garrantzitsuagoa da; auzoak, herriak eta hiriak aho batez burujabetasunaren eta sozialismoaren inguruan biltzea eta eztabaidatzea, ALTERNATIBAK aurkeztea sistema berari su ematea baino garrantzi bera edo gehiago baitauka.
Beti ibili izan gara katua eta arratoiaren jokoan goikoekin zein bere sistema ustela zaindu eta mantentzen duten txakurrekin, Gasteizko gazteriak ondo dakien moduan. Baina amaitu da, erakutsi diezaiegun INORK ez duela guregatik erabakirik hartuko. Jakinaraztea hitzen garaia bukatu dela, ekintzei eta konfrontazioari pausu emanez. Konturatu daitezela oraingo honetan, beharbada, arratoiek katua ehizatuko dutela.
GORA GASTEIZKO GAZTERIA!!!
IRAILAK 26an DENOK GREBARA!!