jueves, 5 de julio de 2012

Garoña ixteko agindua ezeztatu du Espainiako Gobernuak

Berria.info

2019 arte irekita jarraituko du Garoñako zentral nuklearrak. Iragarri bezala, 2013an zentrala ixteko PSOEren gobernuak emandako agindua bertan behera utzi du Espainiako Gobernuak. Espainiako Aldizkari Ofizialak gaur argitaratu du Industria Ministerioaren agindua.
Zentralaren jabeek, berez, eraikuntza desegiteko plan bat aurkeztu behar zuten, eta hori ere ezeztatu du Ministerioaren aginduak. Horrekin batera, baimena eman dio doikuntzak eta aldakuntzak egiteko eraikuntzan. Ixteko dekretuak ezinezko egiten zuen halako lanik.
Berez Garoñako jabeek eskatu beharko dute jarduera luzatzeko. Ministerioak ixteko agindua utzi du bertan behera, baina zentralaren jabeek baimena, gehienez, 2019 arte luzatzeko eskaera formala egin beharko dute irailaren 6rako. Baimen hori eskatzeko, hainbat txosten eta azterlan aurkeztu beharko dituzte jabeek. Tartean, Industria Ministerioak zehaztu du, Fukushimako zentral nuklearraren istripua aintzat hartuta, hobekuntza eta inbertsio plan bat aurkeztu beharko dutela.
Garoñak martxan jarraitzeko hainbat arrazoi daudela azaldu du Industria Ministerioak. Aipatu du, besteak beste, Espainiak "mendekotasun energetikoa" duela, energiaren sektoreak metatutako zor handia duela, zabor nuklearraren biltegiaren eraikuntza atzeratu egin dela eta jarduera ekonomikoan eragina izango lukeela zentralaren itxierak.