viernes, 8 de junio de 2012

KONPROMIZINA

Agerraldiko hitzartzea:

 Gaur bertan gauden pertsona gehienak osasungintza alorreko profesionalak gara eta gaixotasun larriak dituzten euskal preso politikoen egoeraren aurrean gure kezka eta sumindura azaldu nahi dugu.
Minbizia edo gaixotasun psikologiko larriak pairatzen dituzten pertsonek osasun asistentzia egoki eta iraunkorra jasotzea ezinbestekoa da. Paziente hauek tratamendu berezitua behar dute eta espetxean jarraitzen duten bitartean berau jasotzea oso zaila da. Giza Eskubideen inguruan ari gara, 14 pertsonen bizitzetaz ari gara, pertsona hauek osasun asistentzia egoki bat jasotzeko duten eskubideaz ari gara.
Egun, hiru dira gaixotasun larriak pairatzen dituzten preso politiko arabarrak: Jose Ramon Lopez de Abetxuko, Gotzone Lopez de Luzuriaga eta Jose Angel Biguri. Egoera honi irtenbide positiboa eman behar zaiolakoan sinetsita gaude. Kasu hauekin batera, badira beste diagnostiko oso kezkagarri batzuk. Adibidez, Txus Martin presoarena. Gaixotasun psikologiko larria pairatzen du eta bitan saiatu da bere buruaz beste egiten. Orotara 14 dira gaixotasun larriak sufritzen dituzten euskal preso politikoak, guztientzat euren osasun asistentzia eta giza eskubideak bermatzeko soluzio positiboa eskatzen dugu.
Justiziako eskaera bat da hau eta osasungintzako profesional ugariren babesa duena. Osasun asistentzia egoki bat jasotzeko eskubidea eta gaixotasun larriak dituzten presoak espetxetik ateratzea ezin da bestelako erabaki edo interesekin lotu. Izan ere, gaixotasun larriak dituzten pertsonak espetxean jarraitzea amildegira gerturatzen baititu.
  Ez dugu sufrimendu gehiagorik nahi, ez dugu Giza Eskubideen urraketa gehiago ematerik nahi eta euskal jendartearen gehiengo erraldoi batek bezala, bakea eta konponbidea desiratzen ditugu. Konpromiso positiboak eraiki eta batzeko garaia da.
Horiek horrela, premiazko egoera honen aurrean jendartearen artean zabaltzen ari den Konpromizina da G obernuen itxikeriarekin aldatzeko sendagairik onena. Gaixotasun larriak dituzten egoerak kezkatzen gaituelako, eskubide urraketa nabarmena iruditzen zaigulako, bakea eta konponbidea nahi dugulako, datorren ekainaren 9an, 19:00tan Gasteizeko Bilbo Plazatik, Herrirak deitutako manifestazioarekin bat egiten dugu.
Azkenik, gogoratu nahi dugu baita asteburu honetan eta gaixotasun larriak dituzten presoen eskubideen alde Arrasatetik Leongo espetxera martxa egingo dutela larunbatean Iosu Uribetxebarriaren askatasuna eskatzeko; Bizkaian Arrigorriaga, Ugao, Basauri eta Galdakao zeharkatuko dituen bizikleta martxa bat Txus Martinen askatasunaren alde eta igandean manifestazioa egingo dute Arbizun Jesus Mari Mendinuetaren askatasunaren alde.
 Prentsaurrekoaren bideoa: