martes, 1 de mayo de 2012

GASTEIZKO GAZTE INDEPENDENTISTEN OHARRA



 Gasteizko gazte independentistek helarazi diguten mezua:


  Gasteizko gazte independentistok gure hiriko zenbait iturri gorriz tintatu ditugu. Ekimen ikusgarri honen bitartez, eta honen aldarrikapenaren bitartez bi ideia nagusi zabaldu eta gizarteratu nahi izan ditugu: lehenik eta behin, aski dela! Aski da, utz dezatela krisialdi ekonomikoaren aitzakipean banketxe eta enpresarien aberastasuna mantentzeko gure miseria areagotzen jarraitzeari! Badira jada 190.500 langabetu Hego Euskal Herrian (biztanleria aktiboaren %14,19a) eta 24.000 Araban (biztanleria aktiboaren %14'99a), non soilik azken lau hilabeteotan 6.000 pertsona gehiago langabezian erori dira; guzti horietatik, 6.010 baino gehiago Gasteizko gazteriaren artean zenbatu ditzakegu. Eta langabezia soilik esplotaziora bideratutako sistemaren zati txiki bat besterik ez da, katearen pieza hutsa, nahiz eta seguruenik gaur egun honen aurpegirik latzena izan. Langabeziak beldurra sortzea du helburu: terrorismo kapitalistaren elementu nagusia da; erreserban dauden langabeen armada bat ikustarazten die sistemak lanean daudenei, lan baldintza penagarriak onartu ezean, ordezko ugari daudela jakin dezaten. Langabeen kopurua zenbat eta handiago izan, orduan eta beldurgarriagoa izango da egunerokotasuna, aurrera egitearen zailtasuna areagotuz eta, bereiziki, kolektiboak diren arazoak indibidualizatuz eta isolatuz. Eta langabeziarekin bezala langile klasearen aurkako neurrietan sakontzen jarraituko dute (eta horren barnean bereiziki emakume, migrante eta gazteen aurka): hezkuntza sistema, osasun sistema, aisialdia,... DENA merkatuen eta interes kapitalisten mesedetan jarriz! Beldurrean oinarritutako bake sozial faltsu bat du helburu azken aldiko "erreformen"abiadurak: Shock-aren doktrina darabilte, eta horregatik Mariano Rajoy-ren esanetan "ostiralero" erreforma berriak onartuko dituzte. Ez herriak behar duelako, ez beharrezkoa delako, baizik eta eurentzat ezinbestekoa delako, hilzorian dagoen sistema honen aurkako erantzuna neutralizatzeko.



 Bigarren ideia, nahiz eta hemendik aurrera honetan gehiago sakonduz joan behar garen, alternatiba bat behar dugula da. Gure iritziz, alternatiba baten eraikuntzaren lehenengo urratsa erresistentziaren antolakuntza izan behar da. Erresistentzia zabala, anitza, indartsua eta parametro iraultzaileetatik abiatzen dena; hau da, ez soilik gaur egungo abagune sozioekonomiko latzaren irakurketa egitera mugatzen den erresistentzia mugimendu bat (egin beharko dugu, noski, baina haratago joan beharko dugu ere), baizik eta errotik burutuko den aldaketa iraultzailearekin bat egiten duten mugimenduen mugimendu bat (gazte mugimendutik, langile mugimendutik eta herri mugimenduetatik hasita... eta guzti horiek bat eginez). Noski, iritzi zein jarrera ugari egongo dira erresistentzia mugimendu zabal baten baitan, eta oso zaila izango da askotan adostasunera iristea. Hala ere, Martxoko Iraultzak argi utzi du posible dela sistema kapitalista ustel honen aurkako erresistentzia mugimendu sendo bat artikulatzea eta iraunkortzea, indarra erakutsi eta ilusioa pizteko ahalmenarekin. Zailagoa dena, zalantzarik gabe, erresistentzia mugimendu zabal horren baitan alternatiben inguruko eztabaida eraginkor bat burutzea da; hala ere, gazte independentiston ekarpena argia da: erresistentziatik haratago, eta ezinbestekoa den antolakuntza eredu asanbleariotik haratago (bereiziki demokrazia herritar baten eraikuntzari dagokionez), odoluste kapitalistatik aterako gaituen gazte alternatiba sendo bat planteatzen hasteko garaia da, gainontzeko herri sektoreekin batera. Horretarako, erresistentzia mugimenduak eztabaida sakonak eman beharko ditu, bere baitan dauden ikuspegi ezberdin guztien adostasun maila handiena bermatuz baina aldi berean aurrerapausoak emanez berebiziko garrantzia duten arloetan: egituraketan/koordinazioan eta alternatiben eraikuntzan.

Gure iritziz (ekarpen modura), gaur egun, bereiztezinak diren txanpon bereko bi aurpegiak defendatzeko garaia da, denborak aurrera egin ahala argi geratuko delako beste alternatibarik ez dagoela: INDEPENDENTZIA eta SOZIALISMOA. Independentzia: soilik burujabetasunak, soilik geure orainaren jabe izateak ahalbidetuko duelako geure etorkizunaren jabe izatea; eta modu horretan, geure herriak, geure jendeak behar duen eredua eraikitzeko ahalmena izango dugu. Eta eredu hori, oinarritik (ikastetxeetatik, auzoetatik, lantokietatik, asanbladetatik,...) eta egunez egun eraiki beharko duguna, izen bakarra du: Sozialismoa. Beraz, antolatu, aldarrikatu, borrokatu eta eraiki ditzagun INDEPENDENTZIA eta SOZIALISMOA gaurdanik, Euskal Herrian baldintzak daudelako, posible delako, eta beharrezkoa delako. 

Bide horretan, Maiatzaren Lehenean Gasteizko Gazte Blokearekin (12.15etan Hala Bedi taberna paretik) zein sindikatuen manifestazioarekin (12.30etan Bilbo Plazatik) bat egiten dugu, borroka egun honetan burutzen diren ekimen ezberdinekin bezala. Eta batez ere, azpimarratu nahi dugu Maiatzaren Lehena ez dela jai egun bat; Maiatzaren Lehena eta baita horren ostean datozen egun guztiak, etenik gabeko iraultza eraikitzen eta sendotzen jarraitzeko borroka egunak izan behar dira. Antolakuntza eta koordinazioa indartu, formakuntza sendotu, mobilizazioa areagotu... amaitu behar zaie txolloa: hemendik aurrera, GORRIAK IKUSIKO DITUZUE!!!

GU BAGOAZ... INDEPENDENTZIA ETA SOZIALISMORA!!!
Argazkiak: